'ElkarrizKatea' telebista saioaren denboraldi berria abiatuko dute

Ana Malagonek parte hartuko du, besteak beste, saioan/Michelena
Ana Malagonek parte hartuko du, besteak beste, saioan / Michelena

Idazleen elkarrizketen denboraldi berrian izango dira Iban Zaldua, Uxue Alberdi, Gotzon Barandiaran, Oier Guillan, Ana Malagon, Edorta Jimenez, Laura Mintegi eta Idurre Eskisabel; Ana Galarragak gidoiak prestatuko ditu, bai eta idazleen biografiak aurkeztu ere

DVDonostia

Booktegi webguneak eta Azkue Fundazioak lankidetza adostu dute idazleen arteko elkarrizketak barne hartzen dituen 'ElkarrizKatea' telebista saioaren denboraldi berria babesteko asmoz. Booktegiren telesaioa da 'ElkarrizKatea', eta hainbat idazlek parte hartzen dute, elkarren artean hitz egiteko asmoz.

Azkue Fundazioko iturriek jakinarazi dutenez, 2018ko denboraldian zazpi idazlek hartu zuten parte telebista saioan. Hala, azaldu dutenez, «A idazleak B idazleari elkarrizketa egingo dio; hurrengo saioan B idazleak C idazleari, eta horrela katea osatu arte zazpi euskal idazle esanguratsuenetarikoekin«. Iaz Katixa Agirre, Harkaitz Cano, Beñat Sarasola, Arantxa Urretabizkaia, Peru Iparragirre, Itxaro Borda eta Arantxa Iturbe igaro ziren saiotik.

Bada, 'ElkarrizKatea' saioko lantaldea Bilbon dagoen Euskararen Etxean izan da saioaren denboraldi berriaren sarrera grabatzeko, denboraldi berriko elkarrizketak Euskararen Etxean grabatuko baitira. Sarreran, animazioan oinarritutako aulki jolas bat jaso da.

Aurten, Iban Zaldua, Uxue Alberdi, Gotzon Barandiaran, Oier Guillan, Ana Malagon, Edorta Jimenez, Laura Mintegi eta Idurre Eskisabel idazleak eseriko dira Booktegiko 'ElkarrizKatea' saioko aulkietan, Azkue Fundazioaren babesarekin. Ana Galarragak gidoiak prestatuko ditu, bai eta idazleen biografiak aurkeztu ere.

Azkue Fundazioaren helburu estrategikoetako bat euskarazko ikus-entzunezko sormena eremu digitalean sustatzea da, eta horregatik babesten du 'ElkarrizKatea' saioa.