Bertizarana, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

Bertizarana udalerrian zehar ibiliko dira Zuhaitz eta Pagadi: Legasan, Oieregin eta Narbarten

Igande honetako 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Nafarroan ibiliko dira Zuhaitz eta Pagadi, Bertizarana udalerrian: Legasan, Oieregin eta Narbarten, hain zuzen ere.

Pagadik Monikarekin egingo du topo, eta Bertizko jaurerria ezagutuko du haren eskutik. Bertan bizi izan ziren Pedro Zigaren eta Dorotea Fernandezen naturarekiko sentsibilitatea ezagutuko du. Bidean aurrera jarraituta, Lurdes ezagutuko du, energiaz beteriko emakume abeltzaina. Honek lanean jarriko du Pagadi, eta ardiak nola jetzi behar diren erakutsiko dio. Tartean, ibarrean hain ezaguna den Xorroxin Irratira ere deituko dute. Ondoren, Joakin ere ezagutuko du, txakurtzat Pepita bildotsa duen gizon prestua. Sirenaz osatutako armarriak esanguratsuak dira Bertizaranan, etxe askotan daude, eta, horien jatorria jakiteko, Nellyren azalpenak jasoko ditu Pagadik. Azkenik, Legasan, Pakita ezagutuko du; honek oiloen dietaren berri emango dio: ziazerba freskoak eta ogia.

Zuhaitzek, berriz, Pax, Julita eta Patrixi ezagutuko ditu eguna hasteko. Hirukote honek partxisean jokatzeko abileziaren eta edabe magikoen berri emango dio. Herria ezagutzen jarraitzeko, Javierrekin egingo du topo. Baserritar petoa da Javier, Xuankotenea baserrian jaioa. Honek Narbarteko tomateen berri emango dio, eta argi esango dio Narbartekoa dela Euskal Herriko eta Europako tomaterik onena. Jakoba Errekondorentzat eta Karlos Arguiñanorentzat ere mezu bat utziko dute. Ondoren, Legasara joango da, Lokari elizara; bertan, Mari Luz ezagutuko du, eliza zaintzeaz arduratzen den emakumea. Eliza garbi mantentzeko hostoekin duen gerraren berri emango dio, eta horiek uxatzeko erabiltzen duen tramankulua erakutsiko dio. Amaitzeko, festa giroan bukatuko du eguna. Joxe Javierrek Oieregiko festen nondik norakoak azalduko dizkio.

'Herri Txiki, Infernu Handi' igande honetan izango da ikusgai 22:00etan ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera