Bergarako azken 750 urteak, 'Oholtzan' saioan

Banda eta Orkestra Sinfonikoa gidari, doinu herrikoi eta klasikoen topagune izango da San Martin plaza. Gainera, Udaletxearen fatxadako hormetan, herriko historia proiektatuko da irudien bidez

Musika eta dantza izango dira protagonista Bergararen 750. urteurreneko kontzertuan. Banda eta Orkestra Sinfonikoa gidari, doinu herrikoi eta klasikoen topagune bihurtuko da San Martin plaza. Udaletxearen fatxadako horma sendoak, ostera, herriko historiaren pasarte nabarmenenak erakutsiko ditu, proiekzio ikusgarrien bidez. Amaieran, suziriak ez dira faltako, ezta San Pedroko kanpai hotsak ere. 350 herritar agertokian eta beste mila ikus-entzule izango dira San Martin plazan.

Lau zati nagusi izango ditu bi orduko ikuskizunak. Sarrera soil bezain dotore eta solemnez apainduta: Ikurrin dantza, berriki berreskuratutako Xamatz dantza taldearekin, eta Txistulari talde zein Musika Eskolako dantza taldearekin.

Musika Bandak irekiko du kontzertua. Errepertorio klasikoa Alfredo Gonzalez Chirlaquek aukeratuko du, haren aurreko maisuei keinu eginez.

Orkestra Sinfonikoak eta Aitzol Mujika abeslariak euskal kantagintza herrikoi garaikideko hiru izen handienak ekarriko dituzte plazara, une hunkigarriak sorraraziz; Lertxundi, Lete eta Laboaren arrakastatsuenak; Baga, Biga, Higa-n, Edu Muruamendiarazekin, atzean karrera sendoa duenaren dotoreziaz.

Urdin eta berde

Bergararrek bereziki maite duten festa handia da San Martzialeko erromeria. Horixe izango da hirugarren zati nagusiaren leitmotiv-a. Banda eta Orkestra herriko abesbatzekin batera, eta txistulari, trikitilari, dultzaineroak, kalean behera, plazaraino abiatuko dira Erraldoien Konpartsarekin batera.

Migel Gonzalez Bastidak konposatu zuen San Martzial Estanpa entzutetsuaren moldaketa, semeak egindako bertsio sinfoniko-koralaren estreinaldia entzuteko aukera izango da, Maddi Iñarrak idatzitako letrekin. Mardula eta ederra izango da, zati labur eta dinamikoekin, bata bestearen atzetik: Manex Alberdi dantzari gazte-handiaren aurreskua; honen eta Saioa Vivancoren maitasun-dantza; Aitor Garitanoren eta Argiñe Agirrezabalen ahots bikain eta zuhurrak?

750 urte irudiz eta musikaz

Gero, Banda eta Orkestra arituko dira batera, Orfeoiaren, Aritzetaren, Orfeoi Gaztearen eta Musika Eskolako Haurren Abesbatzaren laguntzarekin. Horrez gain, udaletxeko fatxadako horman proiektutako irudiekin, Bergararen 750 urteei errepasoa egingo da, hezkuntzan, kulturan, gizarte zein politika alorrean, ekonomian... mugarri izan diren gertaerak erakutsiz, zuzeneko soinu-banda bikainaren laguntzarekin. Trena herrira heldu zenekoa eta Espainiako Gerrak utzitakoak -hegazkin faxisten hegaldiak- irudikatzeko efektu bereziak erabiliko dituzte, guztiak ikusgarriak.

Bergarako ereserkiak emango dio amaiera ikuskizunari. Horretarako, San Joxepe abesbatza eta Koru parrokiala ere agertokian izango dira.

Bergarartasuna, musika, dotorezia eta klasikotasuna nabarmenduko da, plazan batutakoak zutik, Alfredo Gonzalez Chirlaquek konposatu eta Juan Martin Elexpuruk idatzitako ereserkia abesteko.

'Oholtzan: Bergarak 750 urte', larunbat gauean, 22:10etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera