Belaunaldien artekoak, igandeko Hitzetik Hortzeran

Lizaso eta Ibarzabal saioan izango dira, belaunaldi ezberdinetako bertsolarien uztarketari buruz hizketan/Bertsozale Elkartea
Lizaso eta Ibarzabal saioan izango dira, belaunaldi ezberdinetako bertsolarien uztarketari buruz hizketan / Bertsozale Elkartea

Adin ezberdinetako bertsolariak oholtza gainean nola jarduten duten aztertuko dute saioan; Sebastian Lizaso eta Nerea Ibarzabal gonbidatu dituzte euren bizipenak kontatzeko

Bertsolaritzaren eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanari buruz hitz egingo dugu igandeko programan; edo, beste modu batera esanda, adin ezberdinetako bertsolariak oholtza gainean nola jarduten duten. Bertsorik ez da faltako, eta Pasaiako eta Senpereko saioetako bertsoaldiak ekarriko ditugu pantailara.

Gaur egun oso ohikoa egiten zaigu oholtza gainean adin ezberdinetako bertsolariak elkarrekin kantuan entzun eta ikustea. Hau lortzeko lan handia egin zuen zendu berri den Jon Lopategi bertsolariak. Jonek gazteei bertsoarekiko maitasuna transmititzen lan sendoa egin zuen; berea bezalako ahaleginei esker, arazorik gabe kanta diezaiokete gai berari guraso, aitona edo ikasle batek.

Bertsolaritzaren kasuan, adin aniztasuna ez da oholtza gainean bakarrik ematen; entzuleen artean ere erraz nahasten dira gazteak, haurrak edo helduak. Noiz edo noiz oholtzara igotzen ere ausartzen dira gazte zein heldu, eta horren bi adibide ikusiko ditugu igandeko programan.

Oholtza gainean errespetuz eta sintonian berean

Usurbilgo Araeta sagardotegiko txotx irekieran belaunaldi ezberdinetako bi bertsolari elkartu dira aurten: Nerea Ibarzabal eta Sebastian Lizaso. Beraiekin hitz egiteko baliatu dute eguna, eta adin tarte ezberdinetako bertsolariak oholtza berean gai berdinen inguruan kantuan nola konpontzen diren jakingo dute. Nor izango da Sebastianekin kantatu duen bertsolaririk gazteena? Eta Nerearekin kantatu duen zaharrena? Belaunaldi ezberdinetako bertsolarien uztarketari buruzko erantzun hauek eta gehiago, igandeko programan.

Pasaiako eta Senpereko bertsoaldiak

Bi bertso saiotara joango dira programan. Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan jaialdia antolatu zuen Bixi-Bixi kultur elkarteak eta kantuan aritu ziren Andoni Egaña, Iker Zubeldia, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran; gai jartzaile lanak Amaia Agirrek egin zituen.

Senpereko Larrea kultur gunean, aldiz, Seaska Ikastolen Elkarteak antolatuta oholtzara igo ziren 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Gai jartzaile lanak Joana Itzainak egin zituen.

Hori dena igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean; eta zuzenean ikusi ezin duenak internetez ere izango du aukera, EITB Nahieran atarian.

Temas

Euskera