Barbara Goenagarekin, Donostialdean ibiliko da Enbeita, 'Gure Doinuak' saioan

Aktore ezagunaren alderdi musikala eta pertsonala ezagutzeko aukera izango da, lehendabiziko denboraldiari amaiera emateko

ETB1eko 'Gure Doinuak' saioaren lehendabiziko denboraldiari amaiera emateko Onintza Enbeita Donostialdera joango da, Barbara Goenagaren bisita aitzaki hartuta. Aktore ezagunaren alderdi musikala eta pertsonala ezagutzeko beta izango dugu.

Garai bateko abeslariak eta gaur egungoak bilduko dituzte saio honetan. Hala nola, Beñat Gaztelumendi bertsolariak Bilintx bertsolari poetak eginiko hitzak eta doinuak ekarriko ditu gogora. Gainera, Urko bakarlari donostiarrarekin egoteko aukera izango dute. Horretaz gain, gure doinuen artean hain garrantzitsua den Imanol izango du hizpide Xabier Euzkitzek, eta Donostiako Orfeoiak ere bere ateak zabalduko dizkio saioari.

Gaur egungo abeslari gazteekin hitzordua izango du Onintzak; alde batetik, Sara Mansillarekin, Musikenen ikasten ari den abeslari gaztearekin, eta, bestalde, estilo berezia duen Koban taldearekin, ahots eta musika erritmo berezi eta dotoreak elkartzen dituen taldea. Berebat, txalaparta hotsak tokia izango du. Oreka TX bikoteak Txalapartaren Txokoan egingo die ongietorria, Artze anaiez hitz egiteko.

Amaitzeko, Barbararentzat Mikel Laboaren 'Txoria txori' abestia zergatik den hain berezia jakingo dugu, eta opari ederra egingo diote Easo Abesbatzako duo ikusgarriarekin.

'Gure Doinuak' saioaren lehen denboraldiaren azken atala gaur izango da ikusgai 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos