'Autentikoak' elkarrizketa saioa estreinatuko du ETBk Mikel Pagadi eta Fermin Etxegoienekin

Fermin Etxegoien eta Mikel Pagadi./EITB
Fermin Etxegoien eta Mikel Pagadi. / EITB

Josebe Iturrioz, Zuhaitz Gurrutxaga eta Joxe Mari Apezetxea dira ostegun honetan, apirilak 25, emango duten lehen saioaren protagonistak

EL DIARIO VASCO

Apirilaren 25ean, osteguna, ETB1k Fermin Etxegoien eta Mikel Pagadik gidatutako telebista saio berriaren lehen atala botako du 22:30etan.

Orio Produkzioak ekoiztetxearen eta ETBren ekoizpena, hedabide publikoak Miramonen duen egoitzan, izango da, zuzenean. Gonbidatu famatu eta anonimoak izango dira bertan, emanaldiaren funtsa elkarrizketak badira ere, aktualitateari lotuta ere egongo da saioa. Astean zehar izandako gertaera esanguratsuen protagonistek ere beren tokia edukiko dute 'Autentikoak' programan.

Bikote indartsua osatzen dute Mikel Pagadi eta Fermin Etxegoienek: Pagadi, bere estilo ausart eta umoretsuarekin, eta Etxegoien, berezkoa duen etorri ziztatzailearekin, baina umore ukitua galdu gabe.

Lehen saio honetan, Josebe Iturrioz irakasle eta eragile feministak transexualitateari buruz hitz egingo du; bere gorputzean bertan egiten ari den transformazio prozesuari buruz zehazki.

Zuhaitz Gurrutxagak, berriz, bere bizitzako pasarte ezezagunen inguruan hitz egingo digu: Lehen Mailako futbolari izateari utzi eta ETBko aurkezle arrakastatsuenetariko bat bihurtzeko egindako bideaz, batik bat.

Azkenik, Joxe Mari Apezetxea etorriko da Goizuetatik, Euskal Herriko azken joaregileetako bat, bere bizitzaz, ogibideaz eta beste hamaika gaiz aritzeko.