Aurten ere, pertsonaia ezagunak kantari Gabon gauean

Aitzol Atutxa eta Iker Vicente aizkolariak, kantari./ETB
Aitzol Atutxa eta Iker Vicente aizkolariak, kantari. / ETB

Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik gidatuko duten 'Herri Txiki, Kantari' emanaldia Mungian egingo da

Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik 'Herri Txiki Kantari' saio berezia eskainiko dute aurten ere Gabon gauean. Mungian egingo den emanaldian kantak, umorea eta ezusteko ugari izango dira. Saio berezi honetan musika izango da protagonista nagusia. Euskal kanta ezagunak, klasiko zein modernoak, entzun ahal izango dira Mungiako oholtzan. Kantu horiek kantatzeko, euskal gizarte, politika, kirol eta kultura alorreko gonbidatu ezagunak izango dira.

Hasteko, klasiko bat bihurtu den politikarien taldea izango da oholtza gainean. Aurten, Andoni Ortuzar (EAJ), Jone Goirizelaia (EH Bildu), Lander Martinez (Elkarrekin Podemos), Eneko Andueza (PSE-EE) eta Laura Garrido (PP) izango dira Benito Lertxundiren 'Itsasoari begira' kantua eskainiko digutenak.

Bestetik, 2018an Euskal Herriko hamaika txoko ilusioz eta magiaz bete duen talde bat arituko da kantuan: Gure Zirkua, Euskal Herriko lehen zirku ibiltariko kideez osatutako taldea.

Aurten mugimendu sozial handi izan dira euskal gizartean, eta horietako bi ekarriko dituzte Mungiara: alde batetik, kalera atera diren milaka eta milaka pentsiodunen ordezkaritza batek 'Agure zaharra' kanta abestuko du, Gorka Knörrek egindako 'L'estaca' kantaren bertsioa. Bestetik, emakumeen mugimendua. Aurten, inoiz ez bezala, Euskal Herri osoko emakumeak ikusi ditugu kalean zein sare sozialetan indarkeria matxista salatzen eta berdintasuna aldarrikatzen. Guzti honen berri eman diguten Euskal Telebistako albistegietako lau aurkezle izango dira, denak emakumeak noski. Euren ahotsetan Urtz taldearen 'Ez gaitu inork geldituko' eta Huntzaren 'Zer izan' entzungo ditugu.

Momentuko bi aizkolari handienak ere gonbidatu dituzte: Aitzol Atutxa eta Iker Vicente. Lehenengoa Euskadiko txapelduna izan da bosgarren aldiz; bigarrenak, ordea, Urrezko Aizkora eskuratu du. Imanol Larzabalen 'Mendian gora' abestuko dute.

Aizkolariak ez dira, ordea, kirolari bakarrak izango. Urte arrakastatsu bat izan duen beste talde bat ere izango da kantuan: Super Amara Bera Bera eskubaloi taldeko neskak. Maixa eta Ixiarren 'Eguna jaio arte' kantarekin Mungiako aretoa hankaz gora jarriko dute.

2018a urte garrantzitsua izan da euskararentzat ere. Izan ere, euskara batuak 50 urte bete ditu. Hori ospatzeko, Euskal Herriko lurralde desberdinetako zazpi euskaltzain igoko dira oholtzara: Txaro Arteaga, Jean Baptiste Coyos, Dorleta Alberdi, Roberto Gonzalez de Viñaspre, Xabier Euzkitze, Sagrario Aleman eta Euskaltzaindiko burua den Andres Urrutia. Xabier Leteren 'Kontrapas' abestiarekin euskara plazara eta mundura ateratzen saiatuko dira.

Gaur egun telebistan dagoen sukaldaritza programa mordoaren erakusle gisa Euskal Telebistan kamera aurrean aritzen diren bost sukaldari jarriko ditugu kantuan: Joseba Arguiñano, Zigor Iturrieta, Ander Gonzalez, Gabriela Uriarte eta Javi Sierra. Sukaldariek Gozategi taldearen 'Kalanbreak' kantatuko dute.

Datorren urtarrilean 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioak hamabosgarren denboraldiari emango dio hasiera. Marka hori ospatzeko Julian Iantzirekin batera saiotik pasa diren hainbat aurpegi ezagun igoko dira oholtzara Sorotan bele taldearen 'Arratsalde honetan' kantatzeko.

Ez dira faltako ere 'Go!azen!' fenomenoko neska-mutilak 'Mungimenduan tinko' abestia kantatu eta dantzatzeko, eta ezta Plentziako Kantaguneko lagunak eta Mungiako Barikuetako Kantariak taldeetako kideak ere, kasu honetan Txomin Artolaren 'Aberriaren mugak' kantatzeko.

Bestalde, hainbat bideo tartekatuko ditu saioak. Esaterako, Jon Rahm golf-jokalari handiarekin, Gorka eta Ion Izagirre txirrindulariekin edota  lehen mailako hainbat euskal futbol jokalarirekin umorez eta musikaz beteriko bideoak ikusiko ditugu. Bestetik, Mikel Laboaren desagerpenaren hamargarren urteurrena dela eta, Zuhaitzek omenaldi txiki bat egingo dio Baigorriko mendietan, Erramun Martikorena abeslariarekin batera. Zamudio, Gamiz-Fika eta Arrietako hainbat herritarrek sorpresa bat ekarriko dute saiora 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioaren 100 atalak ospatzeko: Izaro abeslariaren 'La Felicidad' kantaren oso bertsio berezia egingo dute bideoklip umoretsu batean.

Aipatutako aktuazio eta bideo guztiez gain umorea, musika eta sorpresa ugari egongo dira 'Herri Txiki Kantari' saio berezi honetan, Gabon gauean, 23:15ean, ETB1en.

Temas

Euskera