'Artillero', zuzenean ETB2n

Gauean, Agustin Ezenarrok eta Izaro Iraetak Donostiako Aste Nagusia 2018 saioa aurkeztuko dute, eta su festa eskainiko dute zuzenean. Artillero, ETB2n eta eitb.eus-en ikusi ahalko da zuzenean

Larunbat honetan, 18:15ean, ETB2k eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute Donostiako Aste Nagusiaren hasierako 'Artillero' ekitaldia, Aunitz Alberdi eta Juan Terolen kontakizunarekin. Maite Eskarmendi eta Luisma Laboa kazetariek, gainera, Alderdi Ederren bizi den giroaren berri emango dute, eta ekitaldiaren protagonistak eta bertara hurbiltzen diren herritarrak elkarrizketatuko dituzte.

Saioan hartuko dituzten gonbidatuen artean izango dira Eneko Goia Donostiako alkatea; aurten Artillero abestuko duten Sonakay taldeko kideak; Amaia Montero abeslari donostiarra; Maria Luisa Merlo, Jesús Cisneros eta Gorka Otxoa aktoreak; Luis Mokoroa artillero nagusia eta horren alaba, Onintza Mokoroa; Pirata Bihurriak kofradiako Karmen Altuna eta Jaranero kofradiako Txomin Campo, Donostiako Piratak taldeko kideak biak; Marian Lázaro su artifizialen kartelaren aurtengo diseinatzaile irabazlea; Iñigo García Garvi Erraldoi eta Buruhandien konpartsako arduraduna; eta Bittor Andonegi Aspangi Elkarteko presidentea.

Gauean, 'Donostiako Aste Nagusia'

Larunbatean hasi eta hurrengo larunbatera bitartean, gauero, 22:00etan, Donostiako Aste Nagusia; saio berezia gidatuko dute Izaro Iraetak eta Agustin Ezenarrok Kontxako Pasealekutik zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en. Su Artifizialen 55. Nazioarteko Lehiaketa zuzenean eskainiko dute, eta Aste Nagusian protagonista diren gonbidatuak elkarrizketatuko dituzte. Halaber, Iñigo Agirre eta Jaione Carpintero kazetariek Kontxako hondartzan eta Donostiako portuan dagoen giroaren berri emango dute, zuzenean.

Larunbat honetan, Sara Cozar aktorea eta Twin Melody ahizpen bisita izango dute. Sara Cozar hainbat antzezlanekin dabil azken denboraldian, eta Erlauntza antzezlanaz hitz egingo digu. Bestalde, Twin Melody ahizpak euren proiektuez arituko dira eta zuzenean kantatzera animatuko dira.

Iñigo Agirrek aurtengo su artifizialen lehiaketan egongo den nobedade baten inguruko erreportajea ekarriko du. Aurten, suetxe guztiek lehenengo 30 segundoetan badian dagoen plataforma batetik botako dituzte suziriak, eta plataforma hori nolakoa den eta horren inguruan nolako segurtasun perimetroa jarriko duten kontatuko digu.

Jaione Carpintero, berriz, kantatuko duen Sonakay talde flamenko-euskaldunarekin egongo da, eta Donostiako Piraten jaien hasiera kontatuko digu.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos