Arte Ederrak ikasi eta gero, 'EiTB Kultura Transit' saioan

Iraia Elias aktorea eta Buffalo talde instrumentala izango dira, halaber, aste honetako saioan

Gradu bukaerako lanak erakusgai jarri dituzte EHUn Arte Eder ikasketak bukatu berri dituzten gazteek. Bideo sorkuntzak, margolanak eta zeramika lanak topa daitezke euren proposamenen artean. Arte sorkuntza bihurtu nahi dute ogibide: batzuek bekak lortzea dute buruan; beste batzuk, aldiz, bide instituzionalari uko egin eta euren kabuz aritzearen aldekoagoak dira. Beren lanaz eta etorkizunera begirako aukerez solastatuko dira beraiekin 'EiTB Kultura Transit'¿ saioan ostegun honetan.

Iraia Elias aktore zarauztarrak klasikoak ditu gustuko. Horren adibide dira Charles Chaplin, Nina Simone edo Mary Shelley-ren lanak. Horiek guztiak atera ditu 'EiTB Kultura'ko zakutik. Klasikoak bakarrik ez, ordea, gaur egun jardunean dabiltzan beste hainbaten lanak ere aipatu ditu-eta; hala nola, Sofa taldea eta Ixiar Rozasen Beltzuria saiakera.Proposamen horietaz guztietaz Zarauzko Putzuzulo gaztetxean aritu da, orain hamarkada bat zabaldutako ametsen fabrikan.

Sortzaileen atalea, Buffalo talde instrumentala izango dute saioan. Taldea zarauztarra da, baina jatorria Donostiako Jazzle eskolan du. Hirukotearekin Igeldoko Undermount lokalean batu dira. Bertan egiten dituzte entsaioak, eta kantu berriak ere itsasoari begira dagoen eraikin eder horretatik ateratzen dira: Ulu diskoa, kasu. Laugarren lana da hau eta areto eta jazz festibaletan aurkezten ari dira orain.

'EiTB Kultura Transit' ostegun gauean dago ikusgai ETB1 eta ETB2n.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos