Arkitektura Aitor Ortiz argazkilariaren begiradan, 'EiTB Kultura Transit' saioan

Gainera, Julen Ribas komikigilea eta Katixa Agirre idazlea ezagutuko dituzte gertutik

Aitor Ortiz argazkilari, Julen Ribas komikigile eta Katixa Agirre idazlearengana hurbilduko da aste honetan 'EiTB Kultura Transit' saioa. Desagertzear ari ziren Bilboko eraikin industrialetan egin zituen bere lehen argazkiak Aitor Ortizek gaztetan. Gaur egun, eraiki berriak diren zein eraistear dauden eraikinetan sartzen jarraitzen du, arkitekturaren forma eta argi jokoak bere kamerarekin harrapatzeko. Mundu osoan erakutsi du bere lana, eta Iruñean du egunotan erakusketa. 'EiTB Kultura Transit' saioak Zorrozaurre bisitatu du Aitor Ortizekin.

Bestalde, Julen Ribasek Aretxabaletako estudioko ateak irekiko dizkigu Sortzaileak atalean, eta komikigintzako lehen zirroborroetatik azken ukituetaraino eraman gaitu; bere hasierako lanetatik Euskadi Saria irabazi berri duen 'Santa Familia'-raino. Pertsonaiak nola sortu, paisaiak nola girotu, sinesgarritasuna lortzeko egin beharreko ikerketa historikoak eta norberak asmatutako pertsonaiekiko sortzen den lotura izan ditugu hizpide.

'Amek ez dute' eleberria kaleratu berri duela azalduko digu Katixa Agirre idazleak. Bilboko Anti liburu-dendan elkartuko dira berarekin, etxetik gertu; eta, eta bere kultur proposamenen artean, besteak beste, Xabier Gantzarainen 'Zuloa' saiakera edo Maria Enriquezen 'Las cosas que perdimos en el fuego' gomendatuko ditu. Musikan emakume ahotsak ditu gustuko Agirrek batez ere; hala nola, Regina Spektor edo Cibelle. Literaturaz gain, zinema da bere beste pasioa eta laburrak diren filmak asko estimatzen dituela kontatu digu. Horren adibide dira Mar Coll-en 'Tres dies amb la familia' eta Roberto Rosselliniren 'Viaggio en Italia' klasikoa.

'EiTB Kultura Transit' ostegun gauean izango da ikusgai ETB1en eta ETB2n.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos