Añorga, igande honetako 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

Nortasun handia duen Donostiako auzoa ezagutuko dute Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik

Aste honetako 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik nortasun eta historia handiko auzo bat bisitatuko dute: Añorga. Pagadik Añorgaren jatorria ezagutzeko abagunea izango du, Joxema Mendiolari esker; Gorga taldeko Historia Mintegiaren arduraduna da bera. Auzoari lotutako data eta gertakizun garrantzitsuenak errepasatuko dituzte, irudi eta objektu zaharren bitartez.

Ondoren, Jose Luis Torre bisitatuko du, bere bizimodu xelebrearen berri izateko asmotan. Jose Luisen auzoan bederatzi katu daude, eta erregeen pare zaintzen ditu, haragi xehatua eta gazta emanez egunean hiru alditan: goizeko 5:30ean, 11:00ak aldera eta arratsaldeko 15:30ean.  Hurrengo protagonista Migel Soroa izango da, mundua bizikletaz zeharkatu duen gizona. Eguneroko itzulia egin ondoren, etxera bueltan topatuko du Pagadik, eta Migelek eskulan eta oroigarri pila gordetzen dituen txokoa erakutsiko dio. Azkenik, Reptile Moon elkarteko bi kide ezagutuko ditu Pagadik, Lander eta Ander. Haien maskotei jaten emateko aukera izango du Pagadik, esate baterako, muskerrei eta tarantulei. 

Zuhaitzen kasuan, lehenik, Mari Karmen topatuko du, etxeko balkoian, aparteko gosaria egitear. Osagaiak banaka aztertuko dituzte bien artean, eta Mari Karmenek horietako bakoitzak zein funtzio duen azalduko du. 90 urteko emakume indartsu honek hamaika pasadizo kontatuko dizkio Zuhaitzi, besteak beste, Joan XXIII.a aita santuak bisita egin zionekoa. Segidan, 105 urte egitear dagoen Joakina Uitzi agurtuko du Zuhaitzek, kafetegitik ateratzen denean. Joakinak bere bizitzaren errepaso laburra egingo dio Zuhaitzi, eta adin horrekin hain sasoiko egoteko sekretua erakutsiko dio: gimnasia egitea.

Ondoren, Izaskun Belamendia, arropak zintzilikatzen ez ezik, rantxerak abesten ere topatuko du etxe atarian. Izaskunek umore handiz kontatuko dizkio bizitzaren ibilerak; adibidez, lanik ez egiteko ezkondu zela aitortuko dio. Zuhaitz harrituta geratuko da Izaskunen eta haren adiskideen arratsalderoko ohiturarekin. Bazkalostean, kafea ttirri-ttarra hartzera joaten da hirukotea, eta ez edozein tokitara: Decathlonera. Komertzio guneko makinan kafe irlandarra hartzen dute, eta, kanpoan dauden mahaietako batean jesarrita, txintxonean aritzen dira pare bat orduz Izaskun, Gloria eta Loli. Horrenbestez, beste atal ikusgarria izango da igande honetakoa, 22:00etan hasita, ETB1en eta eitb.eus-en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.