Amiantoaren biktimei emango die ahotsa 'Ur Handitan' saioak

Xabier Madariagak amiantoaren biktimen eta haien senideen testigantzak bilduko ditu

2018. urtean hil zituen amiantoak langile gehien Euskadin: 34. Horiek ere kontuan izanda, azken hamalau urteetan guztira 354 langile hil dira EAEn amiantoarekin kutsatuta. Zifra harrigarri horien atzean familiak daude, eta horiei emango die ahotsa 'Ur Handitan' saioaren gaurko atalak.

Amiantoa 2002an debekatu zen Europan. Ordurako, baina, berandu zen milaka langilerentzat, 60, 70 eta 80ko hamarkadetan amiantoaren erabilera eraikuntzan eta industrian oso hedatuta egon baitzen.

Lanean erabilitako amiantoak gaixotasunak eta heriotzak eragin dituela frogatzea ez da batere erraza, eta azken urteetan epaiketak ugaritzen ari dira Euskal Herrian. Prozesu judizial luzeak dira, eta askotan senideak dira lekukoa hartzen dutenak eta borrokari eusten diotenak. Horren adibide da Otsanda Tolosa, Celestino Tolosa zenaren alaba. CAFeko langilea zen, eta aita hil eta 15 urtera frogatu ahal izan zuen Otsandak epaiketan aitaren birikak amiantoz beteta zeudela. Berarekin egon da Xabier Madariaga, 'Ur Handitan' saioaren aurkezlea.

Kepa Madariagak hainbat gauzatan egin du lan. Hiru urte bakarrik eman zituen amiantoarekin harremanetan, 60ko hamarkadan, baina nahikoa izan zen kutsatzeko. Mesotelioma bat aurkitu diote, amiantoak eragindako gaixotasuna, eta ez du sendabiderik. Gizon indartsua da, bizitzarekiko jarrera baikorra du, baina senideak sufritzen ikusteak bereziki arduratzen du.

Beste bi langile borrokalari sutsuren kontakizunak ere entzungo ditu astearteko saioak. Jesus Uzkudun eta Patxi Kortazar Asviamie elkarteko kideek Euskal Herrian mineral honen biktimekin gertatzen ari dena kontatuko dute kamera aurrean.

Bukatzeko, Aitor Gisasola Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko (OSALAN) medikuak amiantoak eragin ditzakeen gaixotasun motak azalduko ditu, eta datozen urteetarako aurreikuspen latza azalduko dute.

'Ur Handitan' astearteetan izaten da ikusgai 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera