Amatasuna aztergai, 'Ur Handitan' saioan
Gizarte presioak amatasuna nola baldintzatzen duen aztertuko du Xabier Madariaga kazetariak euskal gizarteko hainbat emakumerekin, 'Izan ala ez izan' erreportajean
Martes, 2 de marzo 2021, 11:47
Noraino gaude baldintzatuta ume bat izan ala ez erabakitzeko garaian? Horixe da astearte honetan 'Ur Handitan' saioan erantzutzen saiatuko diren galdera. Aurreratu dutenez, «nahi eta nahi ez, emakume guztiak daude amatasunak gurutzatuta: alde batera edo bestera hartu beharreko erabakia da eta, gizartearen presioa, handia. Ustez librea izan beharko lukeen hautua, ez da hain librea«. Amatasuna nola bizi duten galdetuko diete euskal gizarteko emakumeei Izan ala ez izan erreportajean, astearte honetako 'Ur Handitan' saioan.
Publicidad
Izan ere, «gaztetatik, gizarteak emakume orori aurreikusten dio ama izateko desira, baina andre bezala historikoki jarraitu beharreko patua zalantzan jarri dutenen ahotsa ere ekarriko dute. Ikuspegi antinatalista ezagutuko dute: jada gainpopulatua dagoen planetara izaki gehiago ez ekartzea erabaki eta bestelako zaintza ereduak aldarrikatzen dituztenena: ama izan gabe ere, zaintza sarea ehundu duten emakumeak ezagutuko dituzte«.
Gazteegia izateagatik zein helduegia izateagatik, amatasunaren gainean hartutako erabakiagatik epaituak izan diren emakumeekin egongo dira. Zilegitasun falta egotzi diete batzuei; haurrak gorrotatzea beste batzuei. Amatasunaren inguruko mito eta idealizazioak ezbaian jarriko dituzte, hain zuzen, gure protagonistek. Eta, tabuak hautsi nahian, esperantzari, minari eta atsekabeari lotutako bideak ere ezagutuko dituzte.
Maider Alustiza, Jone Miren Eguzkiagirre, Itzea Urkizu, Eukene Elordieta, Amets Ajuriagoxeaskoa, Maialen Sagues, Arantza Lasarte, Beatriz Egizabal eta Nahia Alkorta dira 'Izan ala ez izan', bizitzan erantzun beharreko galdera handietako bati ertzak topatzen entzungo diren ahotsak, aste honetako 'Ur Handitan' saioan, 22:15ean ETB1en.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión