Aitor Arregi zinema zuzendari eta gidoilaria, 'Artefaktua' saioan

'Handia' eta 'Loreak' film sarituetan parte garrantzitsua izan duenarekin bere ibilbide profesionalaz, literaturaz eta zehazki gidoigintzaz hitz egingo dute

Larunbatean, 'Artefaktua' saioan, Aitor Arregi Moriarti Produkzioak ekoiztetxeko zinema zuzendari eta gidoilari oñatiarra hartuko dute gonbidatu. Donostiako Kursaalen egin dute hitzordua, Arregiri hainbeste oroitzapen dakarzkion leku horretan. Handia eta Loreak film sarituetan parte garrantzitsua izan denarekin bere ibilbide profesionalaz, literaturaz eta zehazki gidoigintzaz hitz egingo dute.

Arregi Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, baina zinemagintzak harrapatu zuen gaztetatik. Urnietako Saroben hasi zen gidoigintza ikasten eta geroztik ez du eten zinema munduarekin. Hainbat jaialditan saritutako film labur ugari idatzi eta zuzendu ditu, bakarka zein taldean. Gidoigintza eskolak ere ematen ditu Mondragon Unibertsitatean.

Bere gonbidatua Jon Garaño zinemagilea da. Moriarti ekoiztetxeko kidea, Jose Mari Goenaga bezala, eta hasiera hasieratik zinemagintzako ibilbidean lankide. Egunotan, La trinchera infinita film luze berriaren muntaketan ari dira.

Andres Urrutia Euskaltzaindiko burua izango da Apalategia tartea osatuko duena, bere liburu kuttunen aipamenekin. Ernest Llucheko liburuzaina den Maite Lopetegi izango da aste honetako irakurlea. Zubi bat Drinaren gainean Ivo Andritxen liburua aukeratu du saiorako.

Ekhi Garmendia booktuberrak Toti Martinez de Lezearen Nur eta dortoken uhartea lanaren aipamena eginez grabatu du 'Artefaktura' bidali duen bideoa. Galdetegian Juanjo Olasagarre, Ibon Egaña eta Iban Zaldua idazleen liburu aukeraketaren berri emango da.

Horrez gain, asteroko nobedadeek, pitxiek, liburu-denden gomendioek eta epilogoak osatuko dute saioa.

Hau guztia, larunbatean, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en dago ikusgai.

Temas

Euskera