Abentura bila munduan zehar bidaiatzen dutenen istorioak 'Ur handitan' saioak
Autobusez, itsasontziz, bizikletaz edota furgonetaz abentura bila munduan zehar bidaiatzen dutenen esperientziak ezagutu ahal izango dira
Asteartea, 9 otsaila 2021, 11:40
Astearte honetan, abentura bila munduan zehar bidaiatzen dutenen istorioak izango dituzte hizpide «Ur Handitan» saioan, 22:20ean, ETB1en. Esate baterako, Nairobitarra autobusa bidaiatzeko modu bat bilakatu zutenena. Izan ere, Tolosaldeko abenturazale batzuek lineako autobus zahar bat erosi zuten 1980an, eta egokitu ondoren Kenyara autobusean joatea erabaki zuten. Autobus zaharra Nairobin gelditu zen, baina bidaiaren izpirituak gaur egun arte iraun du.
Orain dela 40 urte Nairobitarrak zabaldutako bidea mugarria izan da euskal abenturagintzan, izan ere, geroztik, beste hainbat abenturazale izan dira munduan zehar ibili direnak: itsasontziz, bizikletaz, furgonetaz... 'Ur Handitan' bidaia horiei errepasoa egingo diote abenturazale horien motibazio, helburu eta ametsak ezagutuz. Bigarren eskuko ibilgailuak egokituta munduan zehar hainbat bidaia egin dituzte Nairobitarrek. Josu Iztueta, Angel Ortiz eta Manuel Mokoroa sortzaileek Nairobira egindako lehen bidaia, Afrikako eta Europako bidaiak edota Ameriketara joan zirenekoak kontatuko dituzte.
1983an, Hondarribiko familia batek itsasontziz munduari buelta ematea erabaki zuen. Santi, Maddi eta bere bi semeak hamazazpi urte geroago itzuli ziren Euskal Herrira. Beraien bizitza markatu duen bidaia hori kontatu dute Urko eta Zigor semeek. Hondarribiarrak erreferentetzat hartuz, Getariako familia batek antzeko abenturari ekin zion bere belaontzian. Amaia Agirre eta Izar de la Hoz ama-alabek itsasoan ia hamar urtetan bizitakoak azalduko dituzte, baita lehorreratzea nolakoa izan zen ere.
Bizikleta hartu eta pedalei emanda mundua zeharkatu duten abenturazale asko dago, eta horietako batzuekin izango dira. Mikel Garcia elorriarrak argi du munduan barrena bidaiatzen igaro nahi duela bere denbora, eta ideia horri helduta ekiten dio ahal duen guztietan bi gurpilen gainean bazter guztiak ezagutzeari. Yolanda Muñoz esaterako, Gasteizko etxetik abiatu zen bizikleta gainean Asiarantz, eta bi urtetan bizitako esperientziez beteta ekarri zituen zakutoak bueltan. Ainhoa Perez de Nanclares eta Koldo Zubizarreta ordea, taldean hasi ziren bizikletaz bidaiatzen, duela zenbait urte. Azken urteetan, bikotean ibili izan dira hara eta hona, baina aurrerantzean semearekin ere elkarbanatuko dute bidea.
Badira egun bidaiatzen bizi direnak ere. Euren burua nomadatzat izan ala ez, protagonista hauek «ohiko bizimodua» alde batera utzi eta munduan zehar bidaiatzen jarraitu dute. Bidaiatzeko pasioak elkartu zituen Josu Larrabeiti eta Ana Luja. Etxea saldu, lana utzi eta kontinentez kontinente bidaiatzen aritu dira azken hamabost urteetan. Iñigo Mendia donostiarra aldiz, 2015etik bizi da bere furgonetan bakarrik bidaiatzen.