Sanjoanak zuzenean jarraitzeko aukera

'Sanjoanak Eibarren 2017' saio berezia ETB1en emango dute, Imanol Artolak eta Maite Eskarmendik gidatutako saioan, eta Mundakako eta Tolosako jaietako giroarekin ere bat egingo dute

EL DIARIO VASCO

San Joan bezperako ospakizunekin bat egingo du Euskal Telebistak gaur. 'Sanjoanak Eibarren 2017' saio berezia izango da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:45etik aurrera. Imanol Artolak eta Maite Eskarmendik zuzenean gidatuko dute emanaldia Eibartik. Halaber, konexioak egingo dituzte Mundakarekin eta Tolosarekin. Nerea Aliasek eta Ibon Gaztañazpik emango dute, hurrenez hurren, bi herriotako jai giroaren berri.

San Joan jaiekin udako solstizioari ongi etorria ematen zaio. Bezperan, suaren inguruan egiten dira ospakizunak. Eibarren, Untzaga plazan, sua piztuko dute lehendabizi. Eibarko Dantza Garaikide taldearen emanaldia izango dute gero eta gauari amaiera emateko, Danborradaren Alardea izango dute. Hori guztia zuzenean jarraitzeko aukera izango dute ikus-entzuleek, Imanol Artolaren eta Maite Eskarmendiren kontakizunarekin.

Emanaldian zehar, Mundakako eta Tolosako ospakizunez gozatzeko parada ere izango da. Mundakan, San Pedro jaiak dituzten arren, San Joan bezpera ere ospatzen dute ekainaren 23an: kalejira egingo dute sorgina, mosolo eta katuarekin, txistularien musikaz lagunduta; plazan sorgin-dantza egingo dute eta gauerdi inguruan talan erretea. Nerea Aliasen eskutik ezagutuko ditugu bertako kontuak.

Tolosarrak ere San Joan jaietan murgilduko dira egunotan. Andre Maria Plazan egingo den ekitaldiaren nondik norakoak ekarriko dizkigu Ibon Gaztañazpik. Tradizioari eutsiz, sua piztuko dute, eta Udaberri dantza taldearen eta Tolosako Musika Bandaren emanaldia izango da.