Norabide propioa jarraitu dutenen istorioak, 'Ur Handitan' saioan

Euren benetako ametsak betetzen saiatu diren zenbait lagunen testigantzak jaso dituzte Xabier Madariagak gidatutako saioan

EL DIARIO VASCO

Astearteko 'Ur Handitan' saioan, barrenari entzun eta euren norabide propioa jarraitu duten pertsonekin egongo dira. Joseba Atxutegi izango da saioko protagonista nagusia. 17 urterekin, gurasoek Lezaman zuten tabernan lanean hasi eta berehala konturatu zen jendea laguntzeko bokazioa zuela. Mediku ikasketak egin eta urte luzez egon zen Barakaldoko anbulatorioan. Duela lau urte, bere benetako ametsari ekin zion, hau da, landa eremuko mediku izateari. Egun baserriz baserri dabil, Erandio-goikoan, adineko pertsonak artatzen.

Magisteritza amaitu eta oposaketak prestatzen hasi behar zenean, bere benetako pasioaz bizitzea erabaki zuen Maddalen Marzolek. Duela bi urte perfumeria bat ireki eta bertan dabil lanean, usaimenaren bidez sentipenak sorrarazten.

Joseba Baez donostiarrak betidanik nahi izan zuen gaztagile izan. Ingeniaritza teknikoa ikasi zuen ordea eta enpresa batean egon zen, lan istripu bat izan zuen arte. Orduan, gaztetatik buruan zuen proiektua martxan jarri zuen. Gurasoen Idiazabalgo baserrira bizitzera joan eta gazta egiten dabil gaur egun.

28 urte luzez kimikaria izan zen Iñaki Larrabeiti. Goi mailako postua izan arren, honek ez zuen asebetetzen. Barrenak lasaitzeko yoga egiten hasi eta honek bizitza aldatu zion. Orain, yoga zentro bat du Basaurin eta bertan irakaslea da.

Goizane Arcek duela hiru urtetik animaliek lagunduriko coach saioak egiten ditu. Bere esanetan «zaldiek pertsonak entzun eta ulertzeko gaitasuna dute» eta hauen bitartez jendearen barne pentsamenduetan sartzea lortzen du.

'Ur Handitan' astearte honetan emitituko da 22:15ean ETB1en.