Denboraldiko unerik onenak 'Herri Txiki'n

Pagadi eta Zuhaitz, platoan./
Pagadi eta Zuhaitz, platoan.

Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik denboraldi honetan bizi izan dituzten une gogoangarrienetako batzuk ekarriko dizkigute 22:00etan hasita

EL DIARIO VASCO

Hirugarren denboraldia modu ezin hobean amaitu nahi du 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak. Aurreko igandean egin bezala, igande honetan ere, bizi izan dituzten une gogoangarrienetako batzuk ekarriko dizkigute Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik.

Aurtengo sasoian, Sebastian Lizaso bertsolariaren konpainian, honako hauek izan dira bi 'deabruek' bisitatu dituzten 23 herriak: Leitza, Ispaster, Aiara, Abaltzisketa, Bidania-Goiatz, Orozko, Erro ibarra, Berrobi, Zaldibar, Maule-Lextarre, Leintz Gatzaga, Basaburua, Zigoitia, Aizarnazabal, Mundaka, Erratzu, Idiazabal, Gatika, Sunbilla, Oion, Donibane Garazi eta Getaria. Atal guztiei buruzko informazioa webguneko 'Herriz Herri' atalean dago, aurreko denboraldietako herriekin batera.

Aurten ezagututako herri berezi eta pertsonaiarik maitagarrienen bildumarekin, amaiera borobila emango zaio denboraldi arrakastatsuari. 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa, igandean 22:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.

Azkeneko 'Hitzetik hortzera'

'Hitzetik Hortzera' saioaren denboraldia ixteko, azkeneko programa ez da txantxetakoa izango. Aurten mende erdia beteko da 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusitik. Txapela Uztapidek jantzi bazuen ere, Xalbadorrek jasotako txistualdia izan zen bertsozale gehienen memorian iltzatuta geratu zena.

Txapelketa hartatik abiatuta, finalez final ibiliko dira, mende erdi honetan entzun diren bertsorik onenak errepasatuz. Eta errepaso hori egiteko lau gonbidatu izango dituzte: Mixel Itzaina, Unai Iturriaga, Uxue Alberdi eta Nerea Ibarzabal. 2017ko udazkeneko Bertsolari Txapelketa Nagusira begira jarriko gaitu programa honek, orduan itzuliko baita 'Hitzetik Hortzera' ere, azalberrituta.

'Hitzetik Hortzera' igandean dago ikusgai, 15:00etan, eta ondoren EiTB Nahieran-en.