Denboraldiko azken 'Herri Txiki, Infernu Handi', Getarian

Bisitan, balearekin egin zuen topo Pagadik./
Bisitan, balearekin egin zuen topo Pagadik.

Zuhaitzek eta Pagadik Getariako auzokideen eskutik ezagutuko dituzte Gipuzkoako kostaldeko herri honen sekretuak

EL DIARIO VASCO

Hirugarren denboraldiari amaiera emanez, igande honetan, Gipuzkoako kostaldera joko dute Zuhaitzek eta Pagadik, Getaria herria ezagutzera, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan. Arrantza giroko herri eder hau pertsonaia ezagun askoren sehaska da: Juan Sebastian Elkano mundu osoari bira eman zion lehen marinelarena, edo Cristobal Balentziaga jostun eta moda diseinatzailearena, besteak beste. Lekuak hala eskatuta, bi deabruak modu berezi eta ikusgarrian iritsiko dira Getariako portura.

Pagadik Getariari izaera propioa ematen dion leku batean hasiko du ibilbidea: San Anton mendian edo 'Getariko arratoia' deituriko uhartean. Itxura bereziko mendi honek badu bere kondaira, eta istorio berezi hori talaiara bidean ezagutuko duen Pakok azalduko dio. Baita Getaria izenaren jatorria eta baleen inguruko pasadizo xelebreak ere.

Herrira itzuli eta harresiari segika, eraikin berezi batek erakarriko du Pagadiren arreta: Aldamar dorretxeak. Hango balkoian ezagutuko du Maria Pilar, eta berak gonbidatuko du garai bateko nobleziarena izandako dorretxe hau barrutik ezagutzera. Asko espero gabe, denetik egingo du Maria Pilarren balkoian: martxa nordikotik hasi eta kalejiraraino.

Herriko kaleetan barrena, Jose Ramon Matxote ezagutuko du Pagadik. Jose Ramonen kasua harrigarria eta ezohikoa da, II. Mundu Gerran soldadu jardun baitzuen Eusko Gudarostearen Gernika Batailoiarekin. Pointe de Graveko gudu ezagunean parte hartu zuenetako bat dela kontatuko dio Pagadiri, eta baita gerra ostean, Parisen ezkondu eta bertan bizitzen geratu zela ere.

Getariak agerikoa du Juan Sebastian Elkanorekiko lotura, eta hori herriko saltoki eta hamaika txokoren izenetan antzematen da. Baita herritarrengan ere. Eta Getariako kaian ezagutuko duen Manuel Gorostiaga da horren adibide. Manuelek urteak daramatza Elkanoren lehorreratzea izeneko antzerkian protagonistaren papera jokatzen. Herritar batentzat nolako ohorea den argitzeaz gain, Pagadiren harridurarako, Elkanorena egiteko pausoak interpretatzen erakutsiko dizkio.

Zuhaitzek, bere aldetik, modu bitxian hasiko du eguna: yoga eginez. Hondartza paretik oinez doala, Naiarak erakarriko du Zuhaitzen arreta, postura bitxiak egiten ari baita. Getariara bizitzera etorri den neska gazte honek, yoga filosofia berezien berri emateaz gain, postura bitxienak ere erakutsiko dizkio.

Hondartza atzean eta utzi, eta herri erdigunera joko du Zuhaitzek. Bere harridurarako, etxe bateko balkoian, kirola egiten ikusiko du Jesus Mari Lasa. Sasoi betean dagoen getariar hau 30 urtez ibili da munduan barrena, petrolio itsasontzietan lanean, eta mundu erdia ezagutu ostean, orain ez omen dauka Getariatik mugitzeko asmorik.

Jesus Mari Lasa ez da halakorik aitortzen duen getariar bakarra. Izan ere, Zuhaitzek, German Txiki ezagutuko du, urte askoan zirkoan lan egin duen gizon alaia. Arrantzale ez izatearren, zirkora joateko erabakia hartu zuen gaztetan German 'Txiki'k, eta Europa osoan barrena ibili ostean, gauza bakarraz dago seguru: Getaria bezalakorik ez dagoela munduan.

Eguna amaitu aurretik, Julitaren kasua ezagutuko du Zuhaitzek. 69 urteko emakume getariar hau eztitan dago, bizitzan lehendabiziko aldiz ezkonduko baita. Nikolas eta bien arteko maitasun istorioaren berri emango dio Zuhaitzi, eta bizi duen momentu gozoaren nondik norakoak kontatuko dizkio irribarre handi batekin. Izan ere, Julitak dion moduan, 'inoiz ez da berandu eta ez da esperantza galdu behar'.

Gauza hauek eta beste asko ikusi ahal izango ditugu igande gauean, ETB1en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan. Hori bai, 3. denboraldiari agur esateko, datozen bi igandeetan, aurtengo pasarterik onenak bilduko dituzte Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik.

ETB1en, 22:00etatik aurrera.