Donibane Garazi 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

Zuhaitz Gurrutxaga trinketean, gizonezko donibandarrekin batera./
Zuhaitz Gurrutxaga trinketean, gizonezko donibandarrekin batera.

Nafarroa Behereko hiriburuko auzokideak ezagutuko dituzte Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak

EL DIARIO VASCO

Igande honetako 'Herri TXiki, Infernu Handi' saioan Donibane Garazira joko dute Zuhaitzek eta Pagadik, Nafarroa Behereko hiriburua ezagutzera. Errobi ibaiaren ertzean dagoen herri eder hau ez da 1.500 biztanlera iristen, baina bertako kaleetan ohikoa da mundu osotik etorritako jendearekin topo egitea. Izan ere, Donejakue Bidea egin nahi duten erromes askoren abiapuntua da Donibane Garazi.

Zerbitzu eta ofizio asko daude erromes edo beilariei bideratuak, eta horietan bitxienetako bat ezagutuko du Pagadik: bidaiarien ekipajeak Compostelara eramaten dituen Maialenena. Emakume honek hartu-eman handia du erromesekin, eta ondorioz, zenbait hizkuntza menderatzen ditu.

Hizkuntzez gain, Donibane Garazin beste fenomeno bitxi bat ematen da: ia gizonezko guztiek daramatela txapela edo boneta buruan. Kalean galdezka hasita, Pier topatuko du eta berak emango dio 'moda' honen arrazoia. Hain justu ere, bonetak saltzen dituzten herriko denda batera eramango du Pagadi, burua neurtu ostean, berak ere neurriko boneta aurkitu dezan.

Dotore jantzita, eta astelehena azoka eguna izanik, posturik postu jarraituko du bere ibilbidea Pagadik. Bertan ezagutuko du Manex, arabiera ikasten orduak ematen dituen erlezaina. Ezti poto artean, Euskal Herriak arabiar munduarekin duen lotura azalduko dio, eta baita arabiera ikasten hasteko lehen lezioa ere.

Baina Pagadirentzat ez dira hor amaituko ezustekoak. Harresi ingurutik oinez dabilela, Mattin ezagutuko du, teoria oso bereziak dituen donibandarra. Mattinek azalduko dio, bere kalkuluen arabera, munduko mendirik garaiena ez dela Everest, Chimborazo sumendia baizik, Pagadiren harridurarako. Mattini, animalien inguruko dokumentalak ere gustatzen zaizkio eta Pagadiri aitortuko dio txoria dela gehien maite duen animalia, bere esanetan, "ez duelako arrastorik uzten".

Herri osoa zeharkatu ostean, Battitten leihopean amaituko du eguna Pagadik, erabat gosetuta. Donibane Garazin bizi den luzaidetar hau, Pagadiz errukituko da eta hamaiketako eder bat jaitsiko dio.

Zuhaitzek, bere aldetik, sabela ondo beteta hasiko du eguna. Merkatura joan aurretik, tabernan gosaltzen du herriko jendeak, eta bertan elkartuko da Martin eta bere lagun-taldearekin. Zuhaitz harrituta geldituko da donibandar hauek goizean goizetik egiten duten gosari galantarekin, eta are harrituago Martinen ateraldi eta umorearekin.

Tabernatik atera orduko, lanpetuta eta presaka dabilen Graxianak bereganatuko du Zuhaitzen arreta. Emakume honek zeregin asko dituela kontatuko dio eta horregatik dabilela beti presaka. Etxe barruko eta kanpoko lan asko egiten du Graxianak, eta denbora librean baita espainiera ikasi ere. Zuhaitzek, panorama ikusita, bere zerbitzari lanak egiten amaituko du, Graxianak bere burua zaintzeko denbora pixka bat hartu dezan.

Herrian barrena oinez dabilela ezagutuko du Maria Agnes, Irulegi Irratiko esataria. Maria Agnes albiste berezi bat ematera doa irratira. Izan ere, galdutako perruketa edo papagai bat azaldu da herrian eta jabearen bila dabiltza. Zuhaitzek, Sherlock Holmes bera bailitzan, 'galdutako perruketaren kasua' argituko du, arrakastaz.

Astelehen goizez merkatu eguna ospatzen da Donibane Garazin, eta arratsaldean trinketean biltzen da herri osoa. Zuhaitz Albertekin sartuko da pilotalekura eta berekin ezagutuko ditu txoko guztiak. Une batez, apustulari edo pariogileen artean sartzera ausartuko da. Han ezagutuko du Antoni apustularia, eta berak kontatuko dio apustua irabazi ezean gorriak ikusiko dituela etxean emaztearekin.

Eguna amaitzeko, Delphine ezagutuko du. Izen bitxia irudituko zaio Zuhaitzi, eta galdezka hasita, izenaren atzean dagoen istorio bitxia ezagutuko du. Irakasle lanean aritutako emakume langile honek Jean de La Fontaine idazle frantziarraren alegia edo elezaharrak itzultzen ditu euskarara. Sutondoan goxo-goxo jarrita, inori sekula irakurri gabeko alegia bereziena kontatuko dio Zuhaitzi.

'Herri Txiki, Infernu Handi' igande honetan emitituko da 22:00etatik aurrera ETB1en.