Espainiaz, 'Euskalduna Naiz eta Zu?' saioan

Espainiarekiko zein iritzi eta jarrera dugun azalduko dute aurpegi ezagunek zein kaleko jendeak asteazkeneko saioan

EL DIARIO VASCO

Asteazken honetako 'Euskalduna Naiz, eta Zu? saioan Espainiaz arituko dira. Zein iritzi eta jarrera ditugu euskaldunok Espainiarekiko? Zer da 'España' hitza entzunda burura etortzen zaigun lehen gauza? Ezberdinak al gara euskaldunak eta espainolak? Gustuko al dugu Espainian ibiltzea? Nortasun arazorik sortzen al digu horrek guztiak?

Horretarako, adin ezberdinetako 20 aurpegi ezagunek beraien esperientziak eta anekdotak kontatuko dituzte saioan zehar: Xabier Amuriza, Jon Plazaola, Onintza Enbeita, Xabier Saldias, Iñaki Artola, Julen eta Antton Telleria, Zuriñe Hidalgo, Aitzol Atutxa, Maider Unda, Alex Sardui, Joseba Apaolaza, Josebe Iturrioz, Jon Maia, Itziar Aizpuru, Asier Odriozola, eta Maixa eta Ixiar.

Euskal Herriko etxe askotan errepikatzen diren eszena barregarriei esketx bidez aterako diete punta Aitziber Garmendia eta Iker Galartza aktoreen eskutik. Horrez gain, Katixa (Nerea Arriola) youtuberraren mihi zorrotzak eta Unai Gaztelumendiren marrazki bikainek, ezin hobeto gure buruari barre egiteko motibo asko emango dizkigute.

'Euskalduna Naiz, eta Zu?' 22:15ean dago ikusgai ETB1en.