Eduki bereziak 20. urtemuga ospatzeko

Felix Linares eta Edurne Ormazabal, orain dela 20 urteko argazkian./
Felix Linares eta Edurne Ormazabal, orain dela 20 urteko argazkian.

Euskal telebista eta irrati kate publikoek bat egingo dute eitb.eus ahaide digitalaren urtebetetzearekin

EL DIARIO VASCO

Abenduaren 19an 20 urte bete ziren EiTB Interneten hasi zenetik eta '20 urte ez da ezer / 20 años no es nada' da lelopean ospatuko dute komunikazio talde publikoa osatzen duten hedabideek. 20 urteotan gizartean eman diren aldaketak gogoratuko dituzte, hain zuzen, telebistek, irratiek eta webguneak berak astearte honetan, urtarrilak 31.

ETB1en Amaia Cayerok arratsaldero gidatzen duen 'Ahoz Aho' saioan eitb.eus-en historiari buruz hitz egingo dute bertako lankide batekin, urte hauetan Internet eta hedabideak nola aldatu diren aztertuz. Elkarrizketa webgunearen edukiak erakusten dituzten bitartean egingo dute.

Bestalde, eguerdian ETB2n Xabier Lapitzek zuzentzen eta aurkezten duen 'En Jake' saioak 'Ser político en 120 caracteres' izenburua jasoko duen atalean bideoekin eta solasaldirako mahai batean teknologia berriek, zehazki sare sozialek, egungo politikan izan duten eragina jorratuko dute.

Arratsaldero ETB2n Ion Aramendik gidatzen duen '¿Qué Me Estás Contando?' saioan modaren alorrean nola aldatu garen ikusiko dugu. Ondoren, Adela Gonzalezek eitb.eus webgunea nola elikatzen den eta lan hori nolakoa den ikustea erraztuko digu 'Ahora' saioan.

Azkenik, 'La Noche de?' saioak zinemaren eta saio beraren azken urteen errepasoa egingo du, eta gure hirien transformazioari eta teknologi aurrerapenei keinua egingo die.

Irratiari dagokionez, Radio Euskadiko, Euskadi Irratiko, Radio Vitoriako eta Gazteako saioek ere 20 urte ez da ezer / 20 años no es nada jardunaldian parte hartuko dute.

Radio Euskadin, 'Boulevard'ek joera, moda, kontsumo eta oporretan izan ditugun aldaketen berri emango digu, besteak beste. Orain dela 20 urte ez zegoen Internet bidezko deskargarik eta oso preziatuak ziren CDak, telebistako saio eta telesail aukera gutxi zegoen, liburuak eta aldizkariak berriztatu egin dira, pertsona askoren aisia asko aldatu dute merkatal zentroek eta kaleetan punta puntakoak dira pintxo-pote famatua eta gaur egungo gazteek alokatzen dituzten lokalak. Aldaketa guzti horien eta askoz gehiagoren berri entzungo dugu 'Graffiti' saioan.

Euskadi Irratiari dagokionez, 'Faktoria'k 20 eta 40 urteko pertsonak gonbidatuko ditu ezberdintasunak ikusteko; eta horrez gain, orain dela 20 urte euren bizitzan erabateko eragina izan zuen esperientziaren bat izan zituztenen testigantzak ere izango ditu. Eitb.eus-ekin batera jaiotako hainbat lagun, elkarte eta talde elkarrizketatuko dituzte, eta euren bidez egingo dute oraingo eta 1997ko munduaren arteko alderaketa, 'Hiri Gorrian'.

Eitb.eus-eko Albiste eta Parte hartzearen arduraduna Lontzo Sainz elkarrizketatuko dute Radio Vitorian EiTBk Interneten izan duen eboluzioa aztertzeko.

Gaztean, 'Dida!'ko Jon Baztarrikak 20 urte hauen laburpena egingo du umorea erabiliz. Bestalde, Joseina Etxeberriak, nola ez, musikari buruz hitz egingo digu 'Gaztea Box'en; ibilbideaz, jasan dituen aldaketez eta bilakaeraz arituko da.