Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Ezkerrean, Maitane Gartziandia; erdian, aurrealdean Ainara Azpiazu 'Axpi' eta atzealdean Loinaz Lekuona; eskuinean, Maite Gurrutxaga. USOZ
'Tupust!', emakume irudigileen proiektu kolektiboa

'Tupust!', emakume irudigileen proiektu kolektiboa

'Ni' kontzeptuaren inguruan osatutako komiki bildumarekin aurkeztu du bere burua «gelditzeko etorri» den taldeak

n. azurmendi

Donostia

Lunes, 25 de marzo 2019, 17:29

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Hamalau komiki laburrek osatzen dute 'Tupust!', Txalapartak argitaratu duen liburua, 2016. urtean zenbait emakume irudigilek abian jarri zuten izen bereko kolektiboaren aurreneko emaitza ukigarria. Astelehen honetan aurkeztu dute liburua Donostiako Komikigunean, eta bertan izango da ikusgai astean zehar komikirako prestatu dituzten hainbat marrazki biltzen dituen erakusketa txikia. Tabakalerako Tobacco Days liburudendan jarriko dituzte ondoren marrazkiak.

Txalapartako Garazi Arrularekin batera, Maitane Gartziandia, Ainara Azpiazu 'Axpi', Loinaz Lekuona eta Maite Gurrutxaga izan dira aurkezpenean, gainerako guztien ordezkari. Istorioak hamalau badira ere, guztira hogeitik gora sortzailek hartu dute parte proiektuan. Izan ere, badaude istorioaren ardura osoa hartu duten irudigileak (Ainara Azpiazu, Irati Eguren, Paula Estévez, Maite Caballero, Maitane Gartziandia, Loinaz Lekuona, Arrate Rodriguez...); egileen artean dago halaber Txakur Gorria kolektiboa, eta badaude gidoigile batekin lankidetzan aritu diren marrazkilariak. Hala, Maite Gurrutxagak Irati Jimenezekin osatu du bikotea; Nerea Unanuak Amaia Lekunberrirekin; Leire Urbeltzek Hedoi Etxarterekin; Eider Eibarrek Miren Amurizarekin eta Irati F.G.-k Regina Salcedorekin. Danele Sarriugartek eta Joseba Larratxe 'Josevisky'-k ere sinatu dute komikietako bat. «Komikigintzatik eta euskaraz, eredu tradizional heteropatriarkalaren deseraikitzea», zehazki, argitaletxearen aldizkarian irakur daitekeenez.

Ikuspegi feminista

Izenen ugaritasuna estilo aniztasun bilakatu da liburuan. Arrulak esan bezala, «gaur egungo komikigintzaren lagin bat» ere bada bilduma. Denek abiapuntu bera izan bazuten ere -'Ni'-aren inguruan gorpuztu da proiektua- estiloak bezain askotarikoak izan dira gaiari heltzeko moduak, nahiz eta denek bat egin duten ikuspegi feministaren inguruan. «Komikia eta feminismoa uztartzea» da, hain zuzen, egitasmoaren helburuetako bat.

Liburua, esan bezala, hilabete askotako lanaren emaitza materiala da, baina paperera eraman ezinak diren beste zenbait xede ditu proiektuak. Nagusietakoa, maiz bakarkako lanean aritu ohi diren sortzaileon arteko sare bat osatzea. «Ez da bakarrik lan bat egitea -azaldu du Axpik aurkezpenean- baizik eta saretzea, elkartzeko eta elkarri babesa emateko espazio bat sortzea». Lankidetza horrek gauzatze desberdinak izan ditzake. Liburu bat izan daiteke. Edo izan daiteke ikastaro bat antolatzea. Edo elkarri laguntza eskaintzea. Konpainia egitea. Indarrak batu eta bakarrik ez daudela sentitzea. «Orain arteko esperientziaren alde aberasgarriena elkar ezagutzea eta gure artean gauzak partekatzea izan da», azaldu dute. «Elkartu garen bakoitzean pilak kargatu ditugu, energiak berritu ditugu», adierazi du Gurrutxagak.

Aste honetan zehar Donostiako Komikigunean ikus daitezke hainbat marrazki.
Aste honetan zehar Donostiako Komikigunean ikus daitezke hainbat marrazki. USOZ

Liburuko orriak pasatzen hastean, aurkezpenean nabarmendu duten estilo aniztasunak eta koloreen erabilerak ematen dute atentzioa, bi kolorerekin moldatu baitira egile guztiak, batuta beltza ematen duten gorria eta berdearekin. Hautua praktikoa izan zen batik bat. Izan ere, hasiera batean liburua beraiek argitaratzea zen asmoa, autoedizioan, eta baldintza horietan lan egitean aurrezpen denak dira mesedegarriak, tinten kopurua murriztea barne.

Oinarrizko gaiaz gain, liburuaren formatua eta bi tinta horiek baliatu beharra izan ziren egileek beren buruei jarri zizkieten baldintza teknikoak. Gainerako guztian libre jokatu dute, nork bere erara. Normalean argitaletxearen esku uzten den prozesuaren zati handi bat kudeatzeak, bestalde, asko ikasteko balio izan omen die. Komunitatea osatuta eta lehen ageriko emaitza kalean dagoen honetan, elkarlanari eusteko asmoa dute, «gelditzeko etorri» direlako.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios