Tradizioaren modernitatea basotik lantegira eramango du NODE konpainiak

'Egur basoa', «berariazko erredundantzia, inguruneari egindako keinu bat da»/Sala kubo-kutxa Aretoa
'Egur basoa', «berariazko erredundantzia, inguruneari egindako keinu bat da» / Sala kubo-kutxa Aretoa

Donostiako Sala Kubo Kutxa aretoan José Ramón Anda ren 'Lantegi' erakusketa dago ikusgai. Uztailaren 13an, 20:00etan, esku-hartze koreografikoa egingo du bertan NODE konpainiak: 'Egur basoa'

DVDonostia

Egur eta altzairuzko basoa osatzen dute José Ramón Anda Goikoetxearen (Bakaiku, Nafarroa, 1949) lanek. Donostiako Sala Kubo Kutxa aretoan 'Lantegi' erakusketa du ikusgai, eta asteburu honetan, uztailaren 13an, larunbatean, 20:00etan, esku-hartze koreografikoa egingo du bertan NODE konpainiak, 'Egur basoa' izendatu dutena.

'Egur basoa', «berariazko erredundantzia, inguruneari egindako keinu bat da, non material garbi eta xehekakoek lekua egiten duten performanceak bizia har dezan», arduradunek jakinarazi dutenez.

Koreografia maitasunean, xehetasunean eta orekan oinarritu du Rubén Albelda koreografoak, Kutxa Kultur Eneako, Kutxak Tabakaleran duen kultura-coworkingeko NODE konpainiarekin batera.

Ekoizpen exekutiboaz Ana Barrantes arduratu da, Ion Estalak zuzendu du lana eta jantziak Amarenak dira. Dualitateak izan dituzte oinarri koreografia janzteko: modernitate tradizionala, zabarkeria sofistikatua, maskulinotasun femeninoa.

Dualtasun honetan oinarritu da Amarenak enpresa NODEren performancerako estilismoak eta jantziak sortzeko. «Euskal tradizioko elementuak eta jantziak diseinuaren eta berrikuntzaren bidez berreskuratzen ditu« enpresa donostiarrak, eta hainbat bildumatako bere jantzietako batzuk nahastu ditu, laborategi artistikoaren aura hori sortzen laguntzeko.

Sarrera libreak izango dira jarlekuak bete arte, uztailaren 13an. Halaber, asteartetik ostiralera, 11:30etik 13:30eta eta 17:00etatik 21:00etara ere zabalik dago erakusketa aretoa. Asteburuetan, 11:30etik 21:00etara bisitatu daiteke.

Temas

Euskera