Tolosako saioak zehaztuko ditu finalaurrekoak
Sei ariko dira kantuan, Aitor Tatiegi, Andoni Rekondo, Iñigo Mantzizidor 'Mantxi', Jon Gurrutxaga, Maider Arregi eta Nerea Elustondo, baina 20 zain etxetik
Bosgarren eta azken final-laurdena eta, hori gutxi balitz, 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetarako txartelak banatuko dituen saioa izango da igande honetan Tolosan lehiatuko dena. Saioak pizten duen interesaren erakusle da sarrerak duela egun batzuk agortu zirela. Ez webgunean ez Leidor aretoko leihatilan, beraz ez dadila inor bertaratu 17:00ak aldera azken aukera baten bila.
Oholtzan izango dira Aitor Tatiegi Loidi, Andoni Rekondo Izagirre, Iñigo Mantzizidor Larrañaga 'Mantxi', Jon Gurrutxaga Urbieta, Maider Arregi Markuleta eta Nerea Elustondo Plazaola, baina ez dira jarduna oso gertutik jarraituko duten bakarrak, euren etxeetatik edota aretotik bertan beste 20 bertsolari saioa amaitu eta puntuazioak jakiteko zain egongo baitira. Gai-jartzaile lanetan Igotz Alkorta Irastortza ibiliko da. Epaile, ostera: Amaia Otxotorena Gamio, Karlos Ibarguren Olalde, Maite Sukia Olano, Oihana Aranguren Etxaniz eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan, aldiz, Aratz Irazustabarrena Garmendia ariko da.
Jada lehiatutako lau final-laurdenen garaile bezala hurrengo faserako txartela lortua dute Beñat Gaztelumendik, Alaia Martinek, Unai Mendizabalek eta Oihana Iguaranek. Tolosako saioan puntuazio altuena lortzen duena izango da bosgarrena lortzen duena. Hauei batuko zaizkie azken sailkapenean puntuazioaren arabera lehen hamahiru bertsolariak direnak. Hala, 18ak Oiartzun, Zarautz eta Arrasateko finalerdietan banatuko dira. Beste albiste honetan azaldua dago zeinek kanta dezakeen non.
Era berean, Eibar, Errenteria, Azkoitia eta Irungo bertsoaldien ostean puntuazioaren araberako sailkapena honakoa da: Agin Laburu (503,5), Asier Azpiroz (485,5), Amaia Iturriotz (484,5), Ane Labaka (477,5), Eneritz Artetxe (476), Eli Pagola (470,5), Eneko Araiztegi (469), Eñaut Martikorena (468,5), Aner Peritz 'Euzkitze' (465,5), Oier Etxeberria (468), Haizea Arana (458,5), Iñigo Gorostarzu (455), Beñat Iguaran (451,5), Manu Goiogana (448), Iñaki Apalategi (446), Unai Gaztelumendi (444), Oihana Arana (440), Aratz Igartzabal (438), Aitor Salegi (427) eta Maialen Akizu (414).
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.