Borrar
Dokumentua 2020ko abenduan aurkeztu zen Koldo Mitxelenan. Ikertzaileen esku dago geroztik, Oñatiko Artxiboan zein sarean. pedro martínez

«Testuak erakusten du bazegoela ondare komun zaharrago bat, oso hedatua»

2020an Gipuzkoako Artxibo Historikoan aurkitu zen eskuizkribua, lurraldeko zaharrena, aztertu du Borja Ariztimuño ikertzaileak

nerea azurmendi

Larunbata, 8 urtarrila 2022, 20:14

Comenta

'Ohar filologikoak Azkoitiko testu aurkitu berriaz: irakurketa proposamena' plazaratu berri du Borja Ariztimuño Lopez EHUko ikertzaile eta doktoregaiak, unibertsitateak berak argitaratzen duen 'Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo' aldizkarian. 2020. urtean Oñatiko Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan aurkitutako eskuizkribua aurkeztean Ander Rosek, Iago Irijoak eta Ramon Martinek egin zuten aurreneko transkripzioaren eta interpretazioaren ostean, Ariztimuñorena da XVI. mendearen hasierako testuari buruz gehiago jakiteko egin den lehen saioetakoa.

– Nolatan murgildu zinen Oñatin aurkitutako eskuizkribuan?

– Testu zaharretako euskera aztertzea gustatzen zait, hori da nire ofizio izatea nahiko nukeen afizioa, eta nire tesiaren gaia ere horri lotuta dago. Euskara arkaikoaren aditz morfologia aztertzen ari naizenez, tesirako ezinbestean aztertu behar nuen testua. Behin sartuta, guztiz murgildu nintzen, eta azterketa osoa egin nuen.

– Testu hain zaharrak ez dira egunero agertzen. Honek ekarri du ezusteko handirik?

– Edozein testu zahar topatzea oso pozgarria da, eta hau bereziki zaharra da. Aurkezpenean esan zuten bezala, esaldi solte batzuk kenduta Gipuzkoako zaharrena da, eta Euskal Herriko hirugarrena. Hizkuntzaren aldetik ez dakar ezer berri-berririk edo ezezagunik, pare bat hitz izan ezik, baina berezia da garai hartako eta eremu hartako testurik ez geneukalako. Baditu ezaugarriak beste toki batzuetan ondo dokumentatuak daudenak, berresten dutenak Gipuzkoakoa izanda ere baduela Mendebaldeko hizkeraren kutsua. Hitz bat kenduta, gainerakoa ondo ezkontzen da bertako euskaratik espero genezakeenarekin. Badu aditz mota berezi bat nahiko ondo kokatzen duena garai eta eremu horretan. Baditu, jakina, arkaismoak, ezaugarri zaharrak, gerora galdu ziren aditz trinkoak... Ezusteko harrigarririk ez dago, baina balio handikoa izan daiteke dialektologiaren ikuspegitik, baita Gipuzkoako euskara arkaikoari buruz orain arte falta zitzaigun informazioa jasotzeko ere.

Misterio bat izaten jarraitzen dute egileak eta testuen zergatiak

«Argi dago orain arte agertu dena baino askoz gehiago dagoela artxiboetan», dio Borja Ariztimuñok. Euskarazko lehen amodiozko poema idatzia da horren adibiderik argiena, denen bistan baitzegoen ezkutatuta Gipuzkoako Artxibo historikoan, XVI. mendearen lehen hamarkadetako eskritura batzuen gainean, harik eta dokumentua beste helburu batekin kontsultatzen ari zen Rosa Ayerbe historialariak arraroa iruditu zitzaion zerbaiti erreparatu zion arte.

Ariztimuñok hizkuntzaren aldetik aztertu du batik bat testua, hori baita bere eremua. Uste du pertsona berak idatzi zuela, «agian eserialdi berean, dena jarraian eginda dagoela ematen baitu», baina ez doa aurrerago egilearen inguruko burutapenetan. «Badakigu norena zein orrialdea, baina ez nork idatzi zuen, edo zergatik». Hori argitzen saiatzeko agiri asko aztertu beharko dira, «letra bera aurkitu eta norena izan daitekeen argitu arte». Bitartean, jarraituko dugu pentsatzen Miguel Ibañez Insausti Azkoitiko eskribauaren aprendiz ederzale eta maiteminduren batek idatzi zituela poema zati haiek 1515 aldera.

– Testuaren balio artistiko edo literariorari ez zitzaion garrantzi handirik eman hasiera batean, baina niri ederrak iruditzen zaizkit testuak. Zuri?

– Luma probatzeko eginak badira ere, nire ustez testuek badute asmo literarioa. Ez dakigu idatzi zituenak asmatuak diren, edo buruz ikasitako koplak, kantak edo poemak, berak paperean paratu zituenak. Azken hipotesi hori iruditzen zait zuzenena. Testuak asko du herri literaturatik, baina lehenengo poematzat hartu izan den 'Ene laztan gozo ederra', esate baterako, ez da herri literaturako zerbait, ezkutariaren eta beste norbaiten arteko dialogoak antz handiagoa du Lazarragaren poemekin.

–Hasierako aurkezpenean bi testu bereizi ziren, baina zuk lau ataletan zatitu duzu eskuizkribua. Zer dela eta?

– Ikusi nuen testua ulertzeko ordenatu egin behar nuela. Dena segidan idatzita dago, beste testu baten gainean, eta lerroak nahiko ondo banatuta badaude ere, zer zerekin zihoan argitu behar zen. Zatiak dira, ez daude osorik, baina uste dut horrela hobeto ulertzen dela. Testu bakoitzak badu bere tematika, badu bere esanahia, osoagoa edo partzialagoa; errima eta metrika kontuan hartuta ere, beste horrenbeste. Badago aniztasun bat, eta ikusten da horrelako konposizioak oso hedatuta zeudela ordurako.

Balio artistikoa

«Luma probatzeko idatziak badira ere, testuek badute asmo literarioa»

borja ariztimuño

– Eta euskara bera hizkuntza heldu eta landua zela.

– Hala da, baina Lazarragari esker ez gaitu horrek horrenbeste harritzen [Joan Perez Lazarraga arabarren eskuizkribuak, 1567-1602 urteen artean idatzitako testuak, 2004. urtean aurkitu ziren]. Orduan ikusi zen jende ikasiak ere euskaraz sortzen zuela, seguruenik ahoz gehiago, baina idatziz ere bai, eta transmisioa bazegoela. Ez soilik baladena edo herri tradiziotik zetorrena, bestelako poema eta testu batzuena ere bai.

–Kidetasunak aurkitu dizkiezu testuoi geroagokoak diren Lazarragarenekin, Estibalitz Sasiolak idatzitakoekin, Zuberoako zenbait baladarekin... Zer esan nahi du horrek?

– Esan nahi du, batetik, bazegoela ordurako ondare komun zaharrago bat oso hedatua, batez ere herri literaturan, eta transmisioak ere ondo funtzionatzen zuela. Bestetik, paralelismo batzuek adierazten dute gaztelaniazko literaturaren eta Europako tradizioaren barruan ere bazeudela, eta komunikazioa bazegoela lurraldeen artean, mugitzen zirela Euskal Herrian barrena kultur sorkuntza haiek.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Testuak erakusten du bazegoela ondare komun zaharrago bat, oso hedatua»

«Testuak erakusten du bazegoela ondare komun zaharrago bat, oso hedatua»