Sukaldea izango da MarraziOak ilustrazio lantegiaren aurtengo gaia, datorren irailean

Donostiako Komikigunetik Igeldo auzoko Undermount elkartera lekualdatuko da aurten lantegia/Galtzagorri
Donostiako Komikigunetik Igeldo auzoko Undermount elkartera lekualdatuko da aurten lantegia / Galtzagorri

Errezeta liburuen eta album ilustratuen arteko antzekotasunak jorratuko dituzte: hitza eta ilustrazioa, egitura, sekuentziak edota tradizioaren ekarria

DVDonostia

MarraziOak ilustratzaileei zuzendutako lantegia irailaren 16tik 20ra egingo da aurten, eta sukaldea izango du gai nagusi. Donostiako Komikigunetik Igeldo auzoko Undermount elkartera lekualdatuko da aurten lantegia, «ezinbestekoa izango baitu sukaldea». Ordutegia ere aldatuta dator sukalde prestaketetan ibiliko direnez, eta jarraitua izango da, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 17:30era.

Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturako Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatzen du. Antolakuntzak jakinarazi duenez, Elena Odriozola eta Gustavo Puerta izango dira lantegiaren gidariak. Errezeta liburuen eta album ilustratuen arteko antzekotasunak jorratuko dituzte: hitza eta ilustrazioa, egitura, sekuentziak edota tradizioaren ekarria. Odriozolaren eta Puertaren hitzetan, «finean, sukaldaritza eta ilustrazio lantegia proposatzen dugu, non errezeta baten narrazioa egingo dugun eta sukaldean liburu bat gertatuko dugun».

Hamar ilustratzailek izango dute parte hartzeko aukera, doan. Goizeko jarduerak sukalde bueltan egingo dituzte, eta arratsaldekoak, aldiz, ilustrazioa izango dute ardatz. Lantegiak 35 orduko iraupena izango du, eta parte hartzeko interesa duten ilustratzaileek atariko plater, plater nagusi eta postre banaren ilustrazioa bidali beharko dute, kontuan hartuz lantegian prestatzeko moduko platerak izan beharko direla. Ilustratzaileak aukeratzerakoan marrazkiaren kalitatea baloratuko da, bai eta errezetak sortzen duen gosegarria ere.

Parte hartzeko baldintza orokorrak honakoak dira: Euskal Herrikoa izatea, Galtzagorri Elkarteko bazkide izatea baloratuko da eta Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko bazkide izatea ere kontuan izango da. Parte hartzaileek ez daukate zertan argitaratutako lanik izan behar.

Izena emateko aipatu hiru ilustrazioak eta datu pertsonalak (curriculuma, NANaren kopia, posta elektronikoaren helbidea eta telefono zenbakia) bidali behar dira administrazioa@galtzagorri.eus helbidera, wetransfer bidez. Eskaera egiteko epea uztailaren 12an itxiko da eta aukeratutakoei uztailaren 28rako erantzungo zaie.

Temas

Euskera