Sua taldeak irabazi du Maketa Lehiaketa

Maketa Lehiaketako final handia Bilboko Kafe Antzokian egin dute/ETB
Maketa Lehiaketako final handia Bilboko Kafe Antzokian egin dute / ETB

Final handian lehiatu dira Sua, Jokin Trikitixa, Montauk, S.T.R. eta Trini Fox, Bilboko Kafe Antzokiaren oholtzan. Maruri-Jatabeko taldeak irabazi du lehiaketaren 28. edizioa

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Bost izan dira aurtengo Maketa Lehiaketako final handian Bilboko Kafe Antzokiaren oholtzara atera diren artistak: Sua, Jokin Trikitixa, Montauk, S.T.R. eta Trini Fox.

Antolatzaileek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, «molderik gabeko musika sortzeko beharretik jaio» da Sua. Bi neskak eta bi mutilek osatzen dute Maruri-Jatabeko taldea. «Ausardia eta estilo propioa uztartzen ditu bandak, esperientzia eta sormena erakutsiz. Halaber, abesti bakoitza bizipen bat izanik, doinu lasai eta sakonetatik bizienetara igarotzen da taldea», azaldu dute.

Julen Idigoras eta Ainhoa Urretabizkaia arduratu dira ekitaldia gidatzeaz. Leporaino bete dute aretoa jarraitzaileek, eta horixe da taldeen emanaldiekin batera gauari kolore bizia eman diona. Halaber, ohi bezala, paper garrantzitsua hartu dute epaimahaikideek, horien esku geratu delako 28. edizioko irabazlea hautatzea. Lan zaila izan dela aitortu dute, maila handiko musikariak lehiatu baitira.

Nolanahi dela, bakar bat aukeratu behar izan dute, eta Sua izan da zorionekoa. Promestutakoa betetze aldera, 5.000 euroko saria eskuratu du Suak. Gainera, Bilbao BBK Live jaialdian arituko da, uztailean.

Entzuleen Saria, berriz, GazteBizHitzaren eskutik heldu zaio Trini Fox taldeari; 2.500 euro eraman dituzte. Bestalde, Kafe Antzokiak 300 euro eman dizkio Suari.

Iaz, Hakima Flissik irabazi zuen Maketa Lehiaketaren 27. edizioa, Silence, Pho-Bo, Aizkorrak Zorroztu eta Neraberi gaina hartuta.

Temas

Euskera