Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Familiako argazkia, erdian kartela eta horren egile Jose Antonio Sistiaga daudela. DURANGOKO AZOKA
Sormenaren lurraldea izango da 52. Durangoko Azoka

Sormenaren lurraldea izango da 52. Durangoko Azoka

Jose Antonio Sistiaga margolari donostiarrak egin du kartela, pelikula esperimental bateko eskuz margotutako zeluloidea oinarri hartuta

Martes, 17 de octubre 2017, 15:04

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Durangoko Azokak 52. edizioko kartela eta ildo nagusiak aurkeztu ditu astearte honetan, Durangoko Kurutzesantu Museoan egindako prentsaurrekoan. 'Sormenaren lurraldea DA!' izango da aurtengo lelo orokorra, Azoka sormenari begira jarriko baita aurten. Edizio honetako kartelaren egilea Jose Antonio Sistiaga (Donostia, 1932) margolaria da, bere pelikula esperimental bateko filmina batean oinarrituta.

Aurkezpenean, Gerediaga elkarteko eta Azokako guneetako ordezkariekin batera, babesle publikoetako ordezkariek parte hartu dute: Joxean Muñoz (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea), Ana de Castro (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria), Aitziber Irigoras (Durangoko alkatea) eta Maria Jose Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria). BBK, Euskaltel eta Eroskiko kideak ere izan dira, Azokako babesle pribatuetako ordezkari gisa.

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu du edizio honetako lelo nagusia: Sormenaren lurraldea DA! "Gure lurraldea ez da ohiko lurralde bat. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino zabaltzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara da bere ardatza", esan du.

Aipatu duenez, bost dira lurralde honek dituen elementu nagusiak: sortzaileak, hartzaileak, azpiegiturak, sareak eta kultur politikak. "Bost elementuek bizia hartzen dutenean gertatzen dena zoragarria da: sortzaileak hartzaileak dituela, entzuleak plazera aurkitzen duela eta plazerak plazer berritua sortzea dakarrela". Izan ere, sormenaren lurraldeak, duela hamar urte hartzaile zena gaur sortzaile izatea ahalbidetzen du.

"Durangoko Azokan gauza asko gertatuko dira: jendea eta jendea, liburuak eta diskoak, istorioak, abenturak, doinu berriak, ikuskizun harrigarriak, emozioa, pasioa, gogoeta...". Mujikak gogoratu duenez, 52 egun falta dira 52. ediziorako. Gonbidapena egin die bisitariei Durangora gerturatzeko: "Bost egun eta 50 ordu dituzu errutinatik atera eta sormenaren lurraldea bizitzeko. Bidaiatu sormenaren lurraldera!".

Sistiagaren artelana

Edizio honetako kartelaren aurkezpena izan da gaurko prentsaurrekoaren bigarren osagai nagusia. Jose Antonio Sistiaga margolaria izan da "sormenaren lurraldeari" irudia jartzeko arduraduna. 'Impresiones en la alta atmosfera' pelikula esperimentalaren filmina batean oinarritutakoa da. 1989. urtean egin zuen, filmina guztiak eskuz margotuz, kamera barik. Lanak zazpi minutuko iraupena du, 10.000 filminaz osatuta dago eta ikusleak "munduaren sorrerara bidaia" egiten du. Gerediagako kide Txelu Angoitiak azaldu duenez, "bidaia luze horretatik, zeluloidean margoturiko milaka izar eta planetetatik bakarra berreskuratu dugu sormenaren lurraldea islatzeko".

Sistiagak 1968. urtean erabili zuen lehen aldiz zeluloidean margotzeko teknika hau, "Era erera baleibu izik subua aruaren" pelikula esperimentalean. Teknika berritzailea izan zen, filmina guztiak eskuz margotutako lehenengo pelikula izan zelako, eta gaur egun eskuz margotutako film luze bakartzat hartzen da. 100.000 filmina baino gehiago margotu zituen, 17 hilabetez.

Sistiaga 1932. urtean jaio zen Donostian eta Euskal Herriko margolari garrantzitsuenetako bat da. Margolaritza ikasketak Parisen egin zituen, eta 1966. urtean Gaur Euskal Artisten Elkartean parte hartu zuen, Oteiza, Txillida, Zumeta eta beste artista batzuekin batera. Azken urteetan hainbat erakusketa egin ditu nazioarteko museo eta galerietan.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios