Omentzetik ereitera, Argizaiola saritik Sormen Bekara

Arantza Atutxa Gerediaga Elkarteko kudeatzailea eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea, aurkezpenean. /D.A.
Arantza Atutxa Gerediaga Elkarteko kudeatzailea eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea, aurkezpenean. / D.A.

Literatura izango da oinarri Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak sortu duten 15.000 euroko bekaren aurreneko edizioan

Iazko Durangoko Azokan eman zen azkeneko aldiz 25 urte lehenago sortutako Argizaiola saria. Ordurako, Azokaren antolatzaileek erabakita zeukaten «omentzetik ereitera» igarotzea; hau da, kultur alorrean aritutakoen ekarpena aitortu eta saritu beharrean, sorkuntza sustatzea.

Astearte honetan aurkeztu da Durangon gogoeta horren emaitza den 'Sormen Beka DA!'. Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak jarri dute abian, eta egitasmoaren helburua da «euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea». Aitziber Irigoras Durangoko alkateak eta Arantza Atutxa Gerediaga Elkarteko kudeatzaileak eman dute ekimenaren berri.

Beka banatzeko orduan, kultur sorkuntzaren barruan Durangoko Azokak bere baitan hartzen dituen diziplinak izango dira kontuan: literatura, musika, arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak. Aurkez daitekeen proposamena diziplina bakarra edota diziplinen arteko uztarketa izan daiteke, baina deialdi bakoitzean diziplina bat hartuko da oinarritzat. 2018an, literatura izango da oinarri (edozein generotakoa).

Beka sortzaile berrientzat izango da (hiru lan baino gutxiago argitaratuta edo plazaratuta dituena). Bekaduna 18 urtetik gora izan daiteke, eta banaka zein taldeka aurkez daiteke. Hautatuak 15.000euro eskuratuko ditu. Sorkuntza prozesua eta plazaratzea lagunduko dira, eta beka proiektu bakarrari emango zaio, lehiaketa bidez aukeratu ondoren.

Lanak aurkezteko epea irailaren 21ean bukatuko da, arratsaldeko 18.00etan. Proposamenak posta elektronikoz bidaliko dira gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora, eta eskaera formularioa, sortzailearan curriculuma eta portfolioa, proiektuaren memoria (motibazioa, luzera, kronograma.) eta literatur lanaren lagina aurkeztu beharko dira.

Balorazio irizpideei dagokienez, proiektuaren kalitatea eta gaiaren tratamenduak sor dezakeen interesa (%45), gaitasun berritzailea eta originaltasuna (%20), proiektuaren hedatze ahalmena (%15), zenbateraino sustatzen diren kultur artekotasuna, genero berdintasuna, integrazioa, diziplinarteko izaera eta komunikazio teknologien erabilera (%10) etaaurrez aurreko proiektuaren defentsa (%10) hartuko dira kontuan.

Epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu. Hautatuek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Lehen aukeraketaren ebazpena telefonoz egingo da, eta lan irabazlearen berri 53. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da. Aukeratuak urtebeteko epea izango du proposamena burutzeko eta 54. Durangoko Azokan erakutsiko du emaitza, 2019an. Oinarriak, informazio gehigarria eta formularioak hemen lor daitezke.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos