«Ez dut uste kalte egiten digunik iraganean eta etorkizunean pentsatzeak»
Estreinako hegaldi laburra izan duen 'Zendabalitz' eleberrian, pertsonaiak geldirik dagoen hegazkin batean utzi ditu, itxita
Aireratu bezain pronto moztu dizkio hegoak inguratuta eta konfinatuta gauzkan larrialdiak Erika Elizariren (Hernani, 1988) lehen lan 'handiari', 2018ko Igartza bekaren laguntzaz idatzi duen 'Zendabalitz' nobelari. Beasaingo Udalarekin eta CAF enpresarekin batera saria antolatzen duen Elkarrek argitaratu duen 128 orrialdeko liburuan, etxean ordez Parisko Charles de Gaulle aireportutik Loiukora doan hegazkin batean utzi ditu itxita protagonistak.
Publicidad
-Ez da kalteetan handiena, ezta gutxiago ere, baina apenas izan du hegaldia altxatzeko astirik zure lehen eleberriak. Beste nobedade asko pistara ere ez dira iritsi, dena den.
-Horrela da, bai. Oraintxe zen bultzada emateko momentua, pozik eta itxaropentsu nengoen, baina hau tokatu da. Hasiera batean pentsatu nuen horrela jendeak irakurtzeko asti gehiago izango zuela, baina ezin badu eskuratu, alferrik. Sentsazio gazi-gozoa da.
-Prentsa saltzeko zabalik dagoen liburu-dendaren batean ikusi dut salgai... Hegazkin batetik ezin irtenda dauden pertsonaien gorabeherak, etxetik ezin irtenda dauden irakurleentzat.
-Liburua irakurtzeko aukera izan dutenen batzuek esan didate balio izan diela bidaia bat irudikatzeko, une honetan egingarria ez den txango baten hasieran egongo balira bezala sentitu direla komentatu didate. Asko gustatuko litzaidake liburuak sentsazio hori sorraraztea.
«Ez da 'carpe diem'-aren aldeko lan bat, ez nuen hobetsi nahi oraina bizi behar hori. Galderak planteatu nahi nituen»
-Fikzioak maiz jo izan du pertsonaiak entzerratuta gelditzen diren tokietara. Zer dela eta aukeratu duzu zuk hegazkin bat?
-Nahi nuen izatea toki eta denbora mugatu bat, denak egotea aldi berean toki berean, eta hegazkinak ematen zidan horretarako aukera perfektua. Nik, gainera, askotan sentitu dut hegazkinak martxa hartzen duenean deskonektatuta zaudela guztiz mundutik, eta iruditu zitzaidan toki oso aproposa sentsazio hori muturrera eramateko.
-Ehun bat lagun daude hegazkinean. Horietako gutxi batzuei erreparatu diezu. Askotarikoak dira adinari, lanbideari, izaerari eta egoera pertsonalari dagokienez.
-Proiektua idatzi nuenetik neukan argi bi gizon eta bost emakume izango zirela pertsonaia nagusiak. Saiatu naiz konflikto mota desberdinak aurkitzen, eta adin desberdinetako pertsonaiak sortzen, gatazkaren batzuk adinari lotuta egoten baitira. Azken batean, nahi nuen denok identifikatzeko moduko pertsonaiak izatea.
Publicidad
-Pertsonaietan oinarrituta dago erabat liburua.
-Nire sorkuntza lanei begiratuta -asko egin ditut, nahiz eta xumeak iza, eta oihartzun txikikoak- konturatu naiz denetan badagoela estilo bat, saiatzen naizela gure egunerokotasuneko gauza txiki horiek biltzen, eta azaltzen nola bizitzen ditugun pertsonalki. Nik behintzat asko pentsatzen dut egiten ditudan gauzen inguruan, edo egon daitezkeen aukera desberdinen inguruan, eta hori islatu nahi nuen. Bilatu nahi nituen denok batzen gaituzten egoera horiek, eta horregatik iruditu zitzaidan egokia pertsonaien ikuspegia nabarmentzea. Denak toki eta denbora berean edukitzeak aukera eman dit batetik bestera saltoka ibiltzeko modu naturalean. Hala ere, ez dira istorio isolatuak, inportantea zen niretzat denak ondo lotzea.
-Pertsonaiak daude oinarri-oinarrian, baina giroak ere garrantzi handia du.
-Giroak ahalbidetzen du irakurlea identifikatzea egoerarekin. Gehienok hartu dugu hegazkinen bat. Oso-oso giro kontretua da eta horrek, hermetismo puntu horrekin batera, ahalbidetzen dizu jolastea berez gure egunerokotasunekoak ez diren elementuekin. Horiek 'background' bat ematen diote, nahi gabe kasik.
Publicidad
-Era askotako pentsamenduetarako bidea ematen du hegaldi batek, muturrekoetarako ere bai. Eta hegazkin batean itxita gelditzen bazara, ezezagunez inguratuta, zeresanik ez...
-Hori da, eta horregatik gaineratu nion hegaldia gorabeheratsua izatea. Arazo tekniko bat egon daitekeela dakitenean iratzartzen zaizkie kezka horiek pertsonaiei. Lehendik ere bazituzten agian, baina horrek aktibatu egiten ditu.
-Ez da zaila idatzi duzunaren eta bizi dugunaren arteko antzekotasunak sumatzea. Izenburua ere lagungarria gerta dakiguke gogoetarako. Zen-da-balitz.
-Hitz-joko horrekin azaldu nahi nuen nola askotan buruari pilo bat eragiten diogun. Izan zenak, denak eta izan litekeenak kezkatzen ditu pertsonaiak, eta horri guztiari bueltak ematen dabiltza.
Publicidad
«Kimatu eta oinarrizkora jotzea da joera, baina ni saiatu naiz kontrakoa egiten, soberan dagoena ere baliatzen»
-Ez dute hortaz momentua bizitzea gomendatzen duen 'mindfulness' ikastarorik egin.
-Ez da 'carpe diem'-aren aldeko lan bat, ez nuen hobetsi nahi oraina bizi behar hori. Ez nuen hobetsi nahi filosofia jakin bat, galderak planteatu nahi nituen. Ez dut uste beti kalte egiten digunik iraganean eta etorkizunean pentsatzeak. Uste dut, aitzitik, ezinbestekoa dela. Nahi nuen irakurleak -ahal bada, eta agian hau pretentsio handiegia da-, aztertzea zein den bere kezken iturburua, nahi nuen horretan pentsatzen jartzea, aztertzea ze garrantzi ematen diogun gure barruko ahots horri, zer nolako harremana dugun harekin. Batzuetan elikatzen gaitu eta laguntzen digu aurrera egiten, beste batzuetan kontra egiten digu.
-Eguneroko kontuak darabilzkite gehienetan pertsonaiek bueltaka buruan.
-Nahi nuen oso gauza txikiekin eraikitzea istorioa, nahiz eta baduen fondo serioagoa. Joera bat izan da literaturan kimatzea: soberan dagoen guztia kendu eta geratu oinarrizkoarekin. Ni saiatu naiz kontrakoa egiten. Soberan egon daiteke dena, baina soberan egon daitezkeen horiek batuta eta baliatuta kontakizuna sortzen saiatu naiz.
Publicidad
-Hegaldia nola amaitzen den ezin da kontatu.
-Ez, baina esango nuke hegaldi horrek hegazkinean dauden guztiengan utziko duela arrasto bat. Agian ez dituzte aldaketa handiak sumatuko, baina hegaldi hasieran eta bukaeran ez dira pertsona berdinak izango. Akaso irakurlea bera ere ez.
«Sorkuntzaren aldetik, niretzat emankorra ari da izaten itxialdia»
-Nola ari zara zu bizitzen etxe barruko hegaldi hau? Piztu dizu egoera ezohikoak sortzen jarraitzeko grina?
-Etxetik ari naiz lanean [Elhuyarrek eta ETBk ekoizten duten Teknopolis saioan egiten du lan], eta bikotekidea ere bai. Txandaka moldatzen gara, bat goizez eta bestea arratsaldez. Horrekin eta ume txiki batekin, berez lehen baino denbora gutxiago daukagu gure gauzetarako, baina burua gelditu gabe dabil, lan eta lan.
Noticia Patrocinada
-Bazeneukan 'Zendabalitz' antzerkirako moldatzeko asmoa. Horretan zabiltza?
-Ez, asmoari eusten diot baina aparkatu egin dut. Literatur proiektu berri baterako ideiei forma ematen ari naiz. Sorkuntzaren aldetik, emankorra ari da izaten itxialdia.
-Zerbait aurreratzeko modurik bai?
-Modu orokor batean aurkezteko, apegoei buruzkoa izango da; gauzei, egoera pertsonalei...
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión