Sopela Fest-ek ere jaialdi jasangarria izan nahi du

Nogen taldea jaialdi bizkaitarrean izango da/JORDI ALEMANY
Nogen taldea jaialdi bizkaitarrean izango da / JORDI ALEMANY

Uztailean jakinarazi zuten Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) antolatutako 60 jaialdi eta ekitaldi publiko edo pribatu jendetsuk baino gehiagok izango dutela aurten Erronka Garbia ingurumen ziurtagiria

DVDonostia

Sopela Kosta Fest jaialdia ospatuko da irailaren 19tik 22ra bitartean eta jaialdiak bat egin du Ihobe erakunde publikoak ingurugiroaren kudeaketan sustatzen duen 'Erronka Garbia, Evento Sostenible' ekintzarekin, antolakuntzak jakinarazi duenez. Honen helburua ingurugiroan sor litezkeen eragin negatiboak murriztea da, eta era honetako ekitaldiak antolatu edota lankidetzan aritzen diren pertsona eta erakundeei ondare edo ikasgai positiboak uztea.

Jaialdiaren seigarren edizioak finkatu dituen helburu zehatzen artean da plastikoaren erabilera murriztea. Horretarako, berrerabili daitezkeen edalontziak edo biodegradagarriak banatuko dira, guztiak SKF-en eta 'Erronka Garbia'ren ikurrarekin. Dibulgazio lanak egiteaz gain, ontziok berreskuratu ahal izango dira, erabilera berriak emateko.

Jaialditik aditzera eman dute Hesian taldea eta El Canijo de Jerez direla aurten izango diren kartel buruak, eta oholtza gainean arituko dira Cooper, Tachenko, Nerabe, Nogen, Natali, Lukiek, Mississippi Queen and the Wet Dogs eta Larry Bird, besteak beste.

Ohikoa denez, Sopela Kosta Festen seigarren ekitaldiak ehunka jarduera eskainiko ditu, guztiak doan, kirolarekin, jolasekin eta hezkuntzarekin zerikusia dutenak, beti bezala surfa, natura, bodyboarda, kayak surfa eta skatea ardatz hartuta. Horrekin batera, euskal zirkuituko hainbat froga garrantzitsu ere jokatuko dira.

Uztailean jakinarazi zuten Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) antolatutako 60 jaialdi eta ekitaldi publiko edo pribatu jendetsuk baino gehiagok izango dutela aurten Erronka Garbia ingurumen ziurtagiria. Bilbao BBK Live jaialdiak lortutako ingurumen ziurtagiriari gehituko zaizkio uda honetan EAEn egin edo egingo diren rock eta jazz jaialdi nagusiak, hala nola Donostia Festibala eta Heineken Jazzaldia, Azkena Rock, Bay of Biscay, BIME eta BBK Music Legends.

Temas

Euskera