'Soinujolearen semea' filma Irudienean ikusiko da lehen aldiz

Eguraldia lagun, jende asko hurbildu da Azokara goizean, / FELIX MORQUECHO

Bernardo Atxagaren eleberrian oinarrituta Fernando Bernuések zuzendu duen filmaz gain, 'Agur Etxebeste'-ren making of-a aurkeztuko da, eta 'Dantza', 'Lope' eta 'Muga deitzen da Pausoa' emango dira, azken hori aurrestreinaldi gisa

MIREN IMAZ

53. edizioko «egitaraurik potoloena» du Azokak larunbat honetan, antolatzaileen hitzak erabilita. Hirugarren egunean, ostiralean, leporaino egon bada, azkenaurreko egunerako ez da gutxiagorik espero, ez behintzat egitarauari erreparatzen bazaio.

Gune guztietan, alegia, oso proposamen interesgarriak izango dira: aurre-estreinaldiak, kontzertuak, mahainguruak... Ahotseneako karpan, berbarako, kontzertu oso potenteak egongo dira goiz osoan zehar, euskal musikaren hainbat erreferenterekin. Gatibu taldea igoko da lehenengoa eszenatokira, eta bere ostean etorriko dira, Nogen, Txapelpunk, Bad Sound, Hesian eta Erabatera. Eguna amaitzeko, Leihotikan taldeak joko du, 19:40ean. Ahotsenea solasaldietan ere ez da izen ezagunik faltako: Katixa Agirre, Idurre Eskisabel, Unai Iturriaga, Gotzon Barandiaran...

Areto Nagusian, Gogoetaren Plazako hirugarren eta azken saioa egongo da. 12:30ean Ander Lipus eta Maialen Errotabehere egongo dira, Maia Muruagak gidatuta. 18:30ean, ostera, «kulturaren transmisioa eskolan» izango dute berbagai, Iratxe Retolaza, Maria Rivero, Pello Ulazia eta Mikel Artolarekin, Kattalin Minerrek gidatuta. Guneekin jarraituz, Kabi@n hainbat proiektu aurkeztuko dira: Kultur Sharea ataria, Itsulapikoa.eus, Kolore Anitzak antzerki interaktiboa... Hiru sare sozial berri ere aurkeztuko dira: Mastodon.eus, Izarkom eta Artizarra.

Azkenik, Azokari hurrengo egunera arte agur esango diote Plateruenan. 23:00etan Euskal Herriko eszenako talde mitiko batek joko du, Anestesia taldeak, 25 urte betetzen baitira «Gorrotoaren ahotsa» diskoa kaleratu zutenetik. Sarrerak salgai hamar euroan.

Irudienea, indartsu

Irudienean ere indartsu dator, film luze biren aurre-estreinaldiarekin. 12:30ean Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako 'Soinujolearen semea' proiektatuko da eta 19:45ean, Maider Oleagaren 'Muga deitzen da Pausoa' dokumentala.

Aspaldiko lotura du Fernando Bernuések Bernardo Atxagaren 'Soinujolearen semea' (Pamiela, 2003) eleberriarekin. Batik bat antzerkigintzan jarduten duenez, antzezlan bilakatu zuen aurrena, 2012. urtean, Ttanttaka Teatroa konpainiarekin. Patxo Telleriak egokitu zuen testua eta, jatorrizko lana 'El hijo del acordeonista' izan zedin behar zen itzulpen lana, berriz, Bernardo Atxagak berak eta Asun Garikanok egin zuten.

FIlmeko irudi bat,
FIlmeko irudi bat,

Aurten, Atxagaren lanik ezagun eta itzulienetakoak (15 hizkuntzatara eramana izan da) 15 urte bete dituen honetan, Bernuések pantaila handira eraman du. Aurtengo udaberrian errodatu zen pelikula larunbat honetan ikusi ahal izango da lehen aldiz, Durangoko Azokaren baitako Irudienea gunean. Bakarka zuzentzen duen aurreneko film luzea ('Kutsidazu bidea, Ixabel' eta 'Mugaldekoak' Mireia Gabilondorekin batera zuzendu zituen) emanaldi berezi batean aurkeztuko du Bernuések, talde osoarekin batera. Bernardo Atxaga ere bertan izatekoa da.

Erreparto luzea du Abra Prod-ek eta Tentazioak ekoitzitako filmak. Aitor Beltrán, Iñaki Rikarte, Cristian Merchán, Bingen Elortza, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson, Miren Arrieta, Laia Bernués eta Eneko Sagardoy dabiltza, besteak beste, horietako zenbait aktore antzezlanean ere aritu zirelarik.

Emanaldia, euskarazko bertsioan, Zugaza Zineman izango da 12:30ean. Tamalez, emanaldi berezirako gonbidapenik eskatu eta eskuratu ez dutenek (abenduaren 4a baino lehen eskatu behar ziren) datorren udaberrira arte itxaron beharko du Joseba eta David umetako lagunen historiaren bidez guztion historiaren zati bat kontatzen duen eleberria film bilakatuta ikusteko.

Edonola ere, badira beste zenbait aukera aurten ikus-entzunezkoen txokoan. Hala, arratsaldeko 17:00etan 'Agur Etxebeste!' filmaren grabaketaren nondik norakoak azalduko dituzte, eta making of-a erakutsiko dute. Telmo Esnalek zuzendutako 'Dantza Urratsak'-en lehen 1.go kapitulua estreinatuko da, eta Oñatiko LPM taldeak egin duen 'Lope' filma emango da, non kontatzen den Lope de Agirreren itzulera, 2019ko udal hauteskundeen atarian, herriaren independentzia berreskuratzeko asmoarekin. Eguna amaitzeko, 'Muga deitzen da pausoa' Elbira Zipitriari buruzko dokumentalen aurrestreinaldia egingo da, hori ere gonbidapen bidez, Maider Oleaga bertan dela.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos