'Skape room' beldurrezko komedia Antzoki Zaharrean taularatuko da aste honetan
Ostegunean, ostiralean eta larunbatean antzeztuko du, egunero 19.30ean
Txalo Produkzioak konpainiak escape room jolasa oinarri duen beldurrezko komedia taularatuko du gaurtik larunbatera Donostiako Antzoki Zaharrean, egunero 19:30ean. Zuhaitz Gurrutxaga, Nerea Gorriti, Iñigo Aranburu eta Oihana Maritorena aktoreak ditu protagonista 'Scape Room' antzezlanak, euren adimena probatzeko eta barre egiteko elkartu direnak.
Baina gelan sartu eta atea hermetikoki ixten den unean bertan, inork espero ez dituen gauza bitxiak pasatzen hasiko dira. Gelatik irtetea ez da erraza izango, eta jolasa bene-benetako infernu bilakatuko da, lau lagunen arteko adiskidetasuna mugara eraman eta kinkan jartzeraino. «Pertsonaia bakoitzaren gezurrak ikusiko dira, gure buruari edo ingurukoei esaten dizkiegun gezurrak», azaltzen du Iñigo Aranburuk.
Uztailean estreinatu zuen Txalok Hondarribian Joel Joanek idatzitako obraren adaptazioa. Katalunian hainbat denboraldi egin zituen eta bigarren bertsio bat ere estreinatu dute. Antzoki Zaharrean taularatuko den bertsiorako «gauza batzuk euskarara eta gure gizartera egokitu ditugu». Lau aktoreek elkarrekin lan egiten duten lehen aldia da, eta «talde polita» osatu dutela uste du Aranburuak, «erraza egiten zaigu lana». Funtzio gutxi batzuk egin dituzte, eta oraindik «gauzek nola funtzionatzen duten» ikusten eta ikasten ari direla onartzen du, «umoreak hori du», dio.
Komedia paperetan asko disfrutatzen duela aitortzen du Aranburuk, nahiz eta ikus-entzunezkoetan lan «serioagoak» egiteko deitzen dioten. Azken urteetan hainbat filmetan parte hartu du ('Azken agurra' edo 'Karmele', besteak beste). Horregatik bere alderdi «komikoa» aldarrikatzen du, baita zinerako.