Borrar
Seiehun urteko mintzairaz idatzi zuen poetak

Seiehun urteko mintzairaz idatzi zuen poetak

Pasa ziren egunak, urteak, mendeak eta euskal ijitoen deiturak orain horren baskoak diruditenak hasi ziren agertzen jendearen ahotan, Etxeberria, esaterako…

Begoña del Teso

Donostia

Domingo, 12 de enero 2025, 12:25

Ez atzo, ez bihar; gaur, 2025eko urtarrilaren 12an, 600 urte betetzen dira. Cristobal Colonek txiripaz eta ustekabean Ameriketako lurrekin topo eta estropezu egin zituen baino kasik 7 hamarkada lehenago. Boabdil errege mairuak Granada ederra galdu zuen baino 24455 egun aurretik, Isabel eta Fernando Katolikoek juduen kanporatze-dekretua sinatzeko 814 hilabete falta zirelarik, Indiatik, Egiptotik akaso (edo bi lur misteriotsu horietatik, ez baitu axola nondik; zetozen horiek jaramonik ez zietelako egiten sustraiei), ailegatu ziren gurera egun ijitoak deitzen ditugun horiek. Ijitoak, erromaniak, motzaileak, buhameak. 'Enfant de bohème', 'gypsy', 'Zigeuner', 'egipciano' esaten zaie gure inguruko mintzairetan.

Felipe III.ak moriskoen egoztea aldarrikatu orduko, ijitoek 184 urte zeramaten gurean. Egunak, hilabeteak, urteak falta ziren artean, baina 1749an Espainian izan zen ijito guztiak sarraskitzeko saio serioa… gaizki antolaturiko, batere trebeak ez baitziren borreroak. Eskerraz eman behar zaizkie Goi eta Beheko Jaun eta Andereei.

Ordurako, 1425eko urtarrilaren 12an gurean kokatu ziren horiek bazeramatzaten urteak munduko bideetan barna ikasitako hizkera guztiak euskaldunen hizkuntzarekin egokitzen. Euskara propioa, berezkoa zuten Euskal Herrian finkaturiko ijitoek. Eta mintzo hark izana zuenez, derrigor izan behar zuen izena: erromintxela. Bai, egia , aspaldian (pasa mendean) hil zen azken hiztuna, Goyo izenekoa, baina oihartzunak, soinuak ziento bat bihotzetan darraite, hizkuntza bat ez baita sekula hiltzen, besteetan lausotuz hor dirau, eraldaturik

Pasa ziren egunak, urteak, mendeak eta euskal ijitoen deiturak orain horren baskoak diruditenak hasi ziren agertzen jendearen ahotan, Etxeberria, esaterako…

Pasa ziren neguak eta udaberriak. Donostiara ailegatzen ziren puntual puntual Hungariako kaldereroak. IaioaK ziren ,alajaina, metalak eta kazolak konpontzen Erdialdeko Europatik zetozen ijito horiek, ziztu batean erromintxelako hitz dozena bat erabiltzen zuten airos, Donostiako bezeroekin tratuan zebiltzalarik.

Etorri ziren elurteak, joan ziren euriak eta ijitoek ez zuten hemendik alde egin

Etorri ziren elurteak, joan ziren euriak eta ijitoek ez zuten hemendik alde egin.

Bitartean…

XX. mendean bazen poeta bat, poeta euskalduna. Estrainioa. Askok eta askok heretikotzat zuten, Deabruaren semea. Beste ziento batek gorrotatzen zuten biziki ez baitzen, hain zuzen ere, ez ezkertiarra ez abertzalea. Ez zuen, inolaz ere, garai hartan ontzat eta sakratutzat ematen zen ideologia.

Poeta estrainio hark hamaika baino gehiago mintzairatan egiten zuen berba, egiten zuen izkribu, egiten zuen jolas linguistikoa. Haien artean, erromintxelaz. Eta ijitoen hitzak hartuz, poema hau burutu zuen:

KAMA-GOLI (Motzaileen hizkuntzan)

Hiretzat goli kherautzen dinat

erromeetako gazin mendroa

ene muirako mandro londoa

mol loloena ene khertsiman.

Hire dui ankhai baro, kaloek

pekhautzen nine kamatze-jakaz

phiria hautsiz erromenitzat

letu hindudan latziaz geroz.

Zoan mitxaia panintinora,

pindro dantzariz texalitzen zan,

haize khilaloz txokiak upre...

—ni hari kuti, dibilotua.

Zethorren txaia pindro dantzariz

panin parnoa paninekoan

dekhatu nuen dibezi hartan:

dekhatu-eta kamatu nuen.

Kherean txiautu nintzan harekin,

erantzi nauzkon haren trin sokak,

erantzu naukon gata parnoa

txaribelerat eramaitean.

Txaribelean zuautu duiok

zuatzekorik gabe latzian,

latzi guztion dutik gabean...

...phekautu nintzan kamatze-jakaz

Heure kamatzez phekautzen niagon,

kalo-kastako neure mindroa,

ene mol lolo eta mandroa,

ene latzien duta haizen hi!

Horren guztiaren berri ematen du Donostiako Aieteko Kultur Etxean den erakusketa ezin galduzkoak. Bertan ikusgai, entzungai, euskal ijito euskaldunen eta planeta osoko beren anai-arreben nondik norakoa. Euren ofizioak, euren tresnak, euren kantak, euren bizimoduak, bizipenak eta bizi- alegrantziak. Bertan, erromintxelaz idatzi zuen poeta madarikatuaren izena, egun gutako askok maite, maite, konplizitate maltzur batez, ohiko jainkojale atzerakoi ortodoxoak mindu nahi gozoan, aipatzen duguna: Jon Mirande Ayphasorho.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Seiehun urteko mintzairaz idatzi zuen poetak