Seaskak jasoko du Elkarren Ibilbideari Saria
Saria Gotzon Huegun eskulturagilearen artelana da, baina ohiko ekitaldia ezin dutenez egin, aukera dagoenean egingo dute aitortza saioa
DV
Donostia
Osteguna, 7 maiatza 2020, 13:41
Elkar Sariak banatzeko ekitaldirik egingo ez daba ere,aste honetan jakinarazi du Elkar Fundazioak Joseba Jaka beka Juanjo Olasagarre idazleak jasoko duela, eta Ibilbideari elkar saria, berriz, Seaskak jasoko duela, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak. Urtero apirila edo maiatza inguruan egiten da sari-banaketa.
Euskara eta euskal kulturaren inguruan egindako lana ezagutu eta goraipatzea du helburu sariak, eta horregatik erabaki dute Seaskak merezi duela aitorpena 2020an. Saria Seaskari ematea horrela azaldu dute:
Elkar Fundazioak erabaki du 2020ko Ibilbideari saria Seaskari ematea, «eskolaren bidez, 50 urte luzez euskararen alde Ipar Euskal Herrian, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan, egindako lana aitortzeko. Guraso talde baten ekimenez, Baionan hasi eta 1969an ofizialki finkatu zen Arrangoitzen. 5 ikasleekin zabaldu zenetik, etengabea izan da Ipar Euskal Herriko lurraldeetan egindako lana. Milaka ikasle eskolatu ditu euskaraz, eta hezkuntza euskalduntzeko akuilu izan da Ipar Euskal Herrian. Lan handia egin du eta ez baldintza onetan, oraindik euskara ofiziala ez den eremu batean egin behar baitu bere lana».
Oztopoak oztopo,« guraso eta irakasleen engaiamendu eta kemenari ezker, Seaska indartzen eta zabaltzen joan da, gaur egun 37 ikastetxeko sarea du eta 4.000 ikasle ari dira ikasten ikastetxe horietan».
Uste dute Seaskaren ekarpena beste hainbat ekimenekin batera, inolako zalantzarik gabe, ezinbestekoa izan dela Ipar Euskal Herrian euskara gal ez dadin: «Seaska herri ekimenaren emaitza da hastapenetik eta baita ere bere iraupenean. Adibide argia da ikusteko zein baliotsua izan daiteken herri gogoa, ondo artikulatzen jakiten bada», nabarmendu dute.
«Hasieran, guraso batzuk bere seme-alabak euskaraz ikastea nahi zuten, gogo hori ekimen bihurtu zen eta jarraipena eman zitzaion, eta beste askoren laguntzarekin eta herri baten sostenguarekin, posible egin dute gaurko errealitatea. Benetan txalogarria egindako bidea eta lortutako emaitza. Seaskari eta Ikastolen Elkarteari onena opa diegu bere ibilbidean. Jarrai dezatela euskara biziberritzeko eragile izaten, aldian aldiko egoera eta beharretara egokituz».
Sariaren berri izatetean, Peio Jorajuria Fundazioaren lehendakariak adierazi du «ohore handia» dela Elkar Fundazioaren aitortza jasotzea.
«Euskalgintzaren baitan, Elkarren zein ikastoletan, urratsez urrats aitzinatzen gara. elkar eta Seaskaren arteko harremana aspaldikoa da, eta beti izan da ona. 50 urtez, Elkarreko liburu eta diskoak gure haurren altxorra izan dira. Momentu zailenetan, elkar lagunduz lortu dugu oztopoak gainditzea; lehen bezala orain, eta geroan ere lortuko dugu. Mila esker, zinez, zuen sostenguarengatik».
Saria Gotzon Huegun eskulturagilearen artelana da, eta, ohiko ekitaldiaren faltan, aukera dagoenean emango dio elkar Fundazioko patronatuak Seaskari.
Aukera baliatuz, elkar Fundazioak gogoratu nahi izan du datorren igandean, maiatzaren 10ean, ezingo bada ere Herri Urrats egin, «Ipar Euskal Herriko ikastolek euskaltzale guztion laguntza beharko du aurrerantzean ere, eta dei egiten dugu Seaskako ikastolak laguntzen eta indartzen jarraitzera».