Borrar
Joseba Sarrionandia. JOSE GOITIA

Sarrionandiaren poemen lehen antologia ingelesez

William A. Douglassek idazlearekin elkarlanean atondu duen liburuan aurreratzen denez, urtea amaitu aurretik Euskal Herrira bisitan etortzeko asmoa du Sarrionandiak

Nerea Azurmendi

DONOSTIA.

Astelehena, 28 urria 2019, 11:00

Comenta

Lau liburu aurkeztu berri ditu Donostian William A. Douglass (Reno, AEBak, 1939) antropologoak, berak sortu zuen Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies-ek argitaratuak. «Lau liburu horietako hiruren atzean Joseba Sarrionandia dago», dio aurkezpena Douglassekin partekatu zuen Mari Jose Olaziregi EHUko irakasle eta liburua argitaratu den 'Basque Literature Series' saileko editoreak.

Izan ere, Douglassek Sarrionandiarekin Habanan izandako solasaldien eraginaren pean sortu ziren 'Arana', euskal jatorriko jauntxo perutar eztabaidagarriaren biografia, eta 'At Midnight', frantziskotar izandako Javier Arzuagaren (Oñati, 1928-AEBak, 2017) 'A medianoche' zirraragarriaren itzulpena.

Ba da bat, ordea, 1958an Iurretan jaiotako Joseba Sarrionandia erdi-erdian, barru-barruan, daukana. Hori da 'Prisons and Exiles', ingelesdunei zuzendutako Sarrionandiaren poemen aurreneko antologia.

Lehen aldiz mintzatzen da zehaztasun handiz Sarrionandia pasarte gogorren batzuei buruz

Bazeuden lehendik ingelesera eramanda iurretarraren hainbat poema, baina honen aurretik ezin zitekeen hitz egin berariaz atondutako antologia batez. Itzulpenei dagokienez, Douglassek berak eraman ditu ingelesera poemak, aurretik itzulita zeudenen kasuan itzulpen horiek oinarri hartuta.

Bakana izateaz gain, Euskal Herriko liburu-dendaren batzuetan eta internet bidez eros daitekeen 238 orrialdeko liburuak ezaugarri berezi ugari ditu. Nagusietako bat da Sarrionandiaren beraren inplikazioa, eskuz esku ibili baitira proiektu honetan bi adiskideak: Nevadako Unibertsitateko katedradun emeritua eta 2016an Habanako Unibertsitatean Etxepare Institutuaren eraginez sortu zen euskara eta euskal kultura irakurletza bere gain hartu zuen idazlea.

'Prisons and Exiles' (Kartzelak eta erbesteak) izenburuak iradokitzen du zein den, gaien aldetik, antologiaren ardatz nagusia. «Betiko poemak dira, ez dago berririk, baina ordena aldatuta dago, eta presentzia handia dute kartzelako poemek», ohartarazi du Olaziregik. Zazpi ataletan banatuta, ia 70 poema jaso dituzte liburuan, horietako asko abesti bilakatuak izan direnak.

Erreferentziarik gabe

Hasiera batean badu sailkapenak antza 'Hilda dago poesia? ¿La poesía está muerta?' (Pamiela, 2016) antologiarekin, baina bere bidea hartzen du 'Prisons and Exiles'-ek. Eva Linazasororen koordinaziopean, gaztelaniazko lehen antologia izan zen hura. Orduko hartan ere handia izan Sarrionandiaren esku-hartzea, berak hautatu eta gazteleratu baitzutuen iirakurleak jaso zituen 114 poemak.

Oraingo honetan, editorearen oharrean esaten da 'Izuen gordelekuetan barrera' (BAK, 1981), 'Marinel zaharrak' (Elkar, 1987), 'Gartzelako poemak' (Susa, 1992) eta 'Hnuy illa nyha majah yahoo' (Elkar, 1995) liburuetakoak direla batik bat aukeratutako poemak.

Horiek ematen direnean ordea -euskara eta ingelesa elkarren parean, orrialde banatan-, ez da esaten zein liburutakoak diren, ezta noizkoak ere. Propio ezabatu omen dituzte erreferentzia horiek, «irakurle anglosaxoiak inozentzia erabatekoz hurbildu behar baitu Joseba Sarrionandiaren poesiara, aurretik inongo koderik jaso gabe». Edonola ere, Sarrionandiari bizitzea tokatu zaizkion errealitateetatik oso urrun egon daitekeen irakurlea ez da geratuko informazio lagungarri faltan, ugariak baitira oharrak.

Bizitza eta bizipenak

Sarrionandiaren bizitzaren eta bizipenen berri ere jasoko du 'Joseba Sarrionandia: A Life' atal biografikoan. Azkeneko liburuan, Pamielak iaz argitaratutako 'Bizitzea ez al da oso arriskutsua?' Habanako 'gaukarian', ematen du Sarrionandiak bere eguneroko bizitzaren berri, baina 1985an, kartzelan bost urte igaro ondoren, Martutenekotik alde egin zuenetik bere literatur lanen bidez mintzatu da nagusiki idazlea. Gertukoentzat izan ezik gehiago izan da hor nonbait zebilen itzal miretsi moduko bat, aita bitan izan den eta Habanan kultur eragile gisa oso estimatua den hezur-haragizko gizaseme bat baino.

William A. Douglassek idatzi duen biografia laburrak ez die berritasun handirik ekarriko Sarrionandiaren bizitza ondo ezagutzen dutenei, baina gainerakoek jarraitu ahal izango dute haren ihesaldi bakartiaren arrastoa, Iparraldetik Genevara, Algeriara, Pragara eta azkenean -1984 urtean uhartean onartuak izan ziren ETAko zortzi iheslariri ezarritatako baldintza berberetan- Kubara. Douglassekin izandako solasaldietan aurretik egin gabeko urrats publikoa egin du Sarrionandiak, jasan zituen torturez zehaztasun zirraragarriz mintzatuz. Jaioterrira itzuli nahi duela ere badio haren biografiari eskainitako atalean zein liburuaren kontrazalean: urtea amaitu aurretik Euskal Herrira bisitan etorriko dela aurreratzen du, alegia.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Sarrionandiaren poemen lehen antologia ingelesez

Sarrionandiaren poemen lehen antologia ingelesez