Sarrionandiaren poemei buruzko tesi doktorala egiteko izango da Joxean Artze beka

Joseba Sarrionaindia idazlea/Jose Goitia
Joseba Sarrionaindia idazlea / Jose Goitia

Argitaratutako olerki guztiak bilduko ditu, eta poema bakoitzaren ibilbidea argituko. Horren ostean, lortutako olerkiekin edizio kritiko-genetikoa egitea da asmoa

DVDonostia

Aldundiko Kultur Departamentuak Joxean Artze ikerketa-beka Ane Arandiari eman dio Joseba Sarrionandiaren poemak aztertzeko tesi doktorala egiteko. Joxean Artzeren oroimena ohoratzeko, haren izeneko ikerketa-beka sortu du Aldundiak EHUko Mikel Laboa Katedrarekin lankidetzan, sortzailearen poesia eta literatura lanen inguruko ikerketa sustatzeko.

Lehen aldiz deitutako beka honetara sei proiektu aurkeztu dira eta Mikel Laboa Katedraren ikergaietako bost aditu doktorez osaturiko hautaketa-batzordeak baloratuko ditu aurkezturiko curriculumak eta tesi-proiektuak eta Ane Arandiaren lana aukeratu du.

Arandiak doktoratu aurreko kontratu bat lortuko du, urtebeterako, ondoz ondoko beste hiru urtean berritu ahal izango dena, doktorego tesia EHUko sail edo institutu batean egin dezan. Foru Aldundiak, aurten, 22.000 euro ditu helburu horretarako, eta beste horrenbeste, datozen hiru urteetarako.

«Oso pozik» agertu da Arandia albistearekin, «egindako lanarekin jarraitzeko gogoa neukan eta bekak asmoa aurrera eramateko aukera emango dit, Ezin kexatu beraz!», nabarmendu du. «Zenbait adituk proiektua irakurtzeak, horretan interesa izateak eta bideragarria dela ikusteak egin beharreko lanean hasteko indarrak ematen ditu zalantzarik gabe. Guztiz eskertuta nago aukera honengatik», gehitu du.

Proiektu honen helburua Master Amaierako Lanarekin (MAL) jarraitzea izango litzateke. Aurreko lan horretan Joseba Sarrionandiaren Kartzelako Poemak liburuaren 'Kritika Genetikoa' burutu zen.

Proiektu honetan, berriz, lan horretako ondorioak idazle iurretarraren olerki corpus osora heda ote daitezkeen aztertzea proposatzen da, Kritika Genetikoa erabiliz. Ondorioz, sorkuntza prozesua amaigabetzat jo eta testuaren beraren mugimendua denboran zehar aztertuko litzateke, sorkuntza prozesuari buruzko informazioa lortzeko xedez.

Hasteko, bilketa lana egingo litzateke, argitaratutako olerki guztiak bilduko lirateke, eta poema bakoitzaren ibilbidea argituko. Horren ostean, lortutako olerkiekin edizio kritiko-genetikoa egingo litzateke. Eta, hortik abiatuta, argitalpenez argitalpen aurki daitezkeen aldaketen nolakotasuna aztertuko litzateke, aldaketen norabidea edota konstanteak agerrarazteko asmoz.

Lan hipotesiei dagokionez, MALeko ondorioak hipotesitzat erabili eta corpus osora heda daitezkeen aztertuko litzateke, ondorengoak izanik: denborak aurrera egin ahala biolentzia agerikoago egiteko joera dagoela (gaiagatik/aldaketengatik); gero eta garbizaleagoa dela; argitalpenez argitalpen aldaketarik nabarmenena gehiketena dela; olerki bakoitzak bildumaren arabera bilakabide autonomoa duela; eta emakumeek presentzia handiagoa izateaz gain, haien funtzioa aldatzen dela denboraren poderioz. Amaitzeko, itzulpen liburuen edizio ezberdinetan eta bere sorkuntza lan propioak direnetan egindako aldaketek norabide bera jarraitzen duten aztertzea ere proposatzen da.

Temas

Euskera