En Tol Sarmiento, Zetak, Arkada Social eta Maider Zabalegi, Durangoko Azokan

En Tol Sarmiento, Zetak, Arkada Social eta Maider Zabalegi/Durangoko Azoka
En Tol Sarmiento, Zetak, Arkada Social eta Maider Zabalegi / Durangoko Azoka

Plateruenan ariko dira kontzertuak eskaintzen, abenduaren 5etik 8ra bitartean

DVDonostia

Plateruena kontzertu handien plaza izango da aurtengo Durangoko Azokan ere, abenduaren 5etik 8ra bitartean, eta 54. edizioan «kartel erakargarria» antolatu du, talde eta estilo ezberdinekin: En Tol Sarmiento, Zetak, Arkada Social eta Maider Zabalegi.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, abenduaren 5ean ETS (En Tol Sarmiento) taldea ariko da, 23:00etatik aurrera. Talde arabarrak bere seigarren diskoaren aurkezpena egingo du Plateruenan, uda honetan Euskal Herria zeharkatu ostean 'Zein erraza' birarekin. Ska-rock doinuez gozatu gura dutenek, Azokako lehenengo gauean horretarako aukera izango dute. Sarrerak aldez aurretik zortzi euroan daude salgai, eta txarteldegian egunean bertan hamar euroan jarriko dira.

Bigarren egunean «misterioz jositako» kontzertua izango da. Izan ere, 23:00etatik aurrera, Pello Reparazek bere proiektu berria aurkeztuko du: Zetak. Momentuz talde berriak abesti bi eman ditu ezagutzera, 'Errepideak' eta 'Pater Noster', bideoklip eta guzti, eta «arrakasta itzela» lortu du.

Azaroaren 27an aurkeztuko dituzte talde berriaren nondik norakoak, eta ordura arte itxaron beharko da jakiteko zertan datzan Reparazek prestatu duen proiektu berria. Sarrerak 12 euroan erosi ahal izango dira aldez aurretik, eta 15 euroan txarteldegian.

Arkada Socialen berriena

Halaber, abenduaren 7an ibilbide luzeko talde bat igoko da Plateruenako eszenatokira: Arkada Social. Talde arrasatearra buru belarri ari da Azokarako disko berria prestatzen, euren diskografiako seigarrena. Abesti berririk ez dute zabaldu oraindik, baina betiko punk rock doinuak ez dira faltako. Sarrerak hamar euroan erosi ahal izango dira aldez aurretik, eta 13 euroan bertan.

Azkenik, azken egunean, abenduaren 8an, Durangoko Azoka lasaitasunez borobiltzeko tartea izango da, Maider Zabalegi abeslari ezagunaren disko berriarekin. Iluntzeko 20:00etatik aurrera, Zabalegik 'Bidean' diskoa aurkeztuko du.

Hainbat estilo jorratzen ditu lan berrian: pop rock, baladak, countrya, kantu pausatuak, arinak, alaiak. Alaitz eta Maider bikotean ezagun egin eta gero, Maider Zabalegik bakarka atera duen bigarren lana da. Sarrera debalde izango da.

Temas

Euskera