Sarako Biltzarra bi egunetan zehar egingo da, hilaren 22 eta 23an

Biltzarraren iazko irudia/Arizmendi
Biltzarraren iazko irudia / Arizmendi

Pazko astelehena denentzako eguna izango da, eta asteartea profesionalentzakoa. 'Irakurketa euskaraz nola sustatu?' gaiaren inguruko mahai-ingurua egingo da astelehen arratsaldean

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Apirilaren 22an, goiz eta arratsaldez ikusgai izango dira liburuak, argitaletxe eta liburu-dendek eramanak. Haur literaturari eskainitako gunean, berriz, irakurketa musikatuak izango dira. Goizeko 9:15ean, Euskal Kultur Erakundearen aurkezpena egingo dira. 9:30ean, mintzaldia,'XXI. mendeko euskal literatura' gaiaren inguruan, Itziar Madinak egina. Idazlea da Madina, irakasle eta Euskal ikasketetan doktorea. Pascale Casanova (1959-2018) ikertzailearen teorian oinarrituko da Madina.

11:00etan, Euskal Idazleen Elkartearen txanda izango da. Batetik, Garbine Ubedak, elkarteko lehendakari den aldetik,bere lan-taldea zergatik eta zertarako sortu zen azalduko du, eta baita ere zer zerbitzu eskaintzen duen gaur egun. EIEren gaurko erronkari dagokionez, Peru Iparragirre poeta eta literatur kritikaria, idazle izateaz arituko da. Bere ikuspegitik eta bere esperientziatik ariko da.

Bazkariaren ostean, 14:30ean 'Odisea' izeneko perfomantze artistiko-literarioa eskainiko du Kiribil konpainiako Pantxix Bidartek. Hamabost urtetik gorako publiko guztientzako ikuskizuna izango da, 60 minutuko iraupena izango duena. Homeroren lan ezagunaren interpretazio garaikidea egingo du, literatura, musika eta olerkia uztartuko dituelarik.

Ondoren, 15:30ean, mahai-ingurua egingo da, 'Irakurketa euskaraz nola sustatu?' gaiaren inguruan, Pantxika Maitiak animaturik, hizlari hauekin: Lierni Arizaga (kazetaria eta irakurketa klub baten sortzailea), Maider Bedaxagar (artista eta liburuzaina), Peio Duhalt (editorea), Lucien Etxezaharreta (idazle eta, editorea) eta Gilles Riviere (liburuzaina).

Temas

Euskera