Rufino Iraola bertsozale, idazle eta DVko kolaboratzailea zendu da

Rufino Iraola./USOZ
Rufino Iraola. / USOZ

Bertsolaritzaren arlo askotan jardundakoa, literaturan eta kazetaritzan ere aritu da 73 urterekin ezustean hil den zaldibiarra

Rufino Iraola Garmendia (Zaldibia, 1945-Donostia, 2019) astearte honetan zendu da Donostian, ezustean, 73 urte zituela, okerrera egin duen osasun arazo baten ondorioz, 74 betetzeko bost hilabeteren faltan. Gorpua Beasaingo Goierri Beilatokian egongo da asteazkeneko 20:30ak arte, eta hileta-elizkizuna ostegunean izango da, Zaldibiko Santa Fe parrokian, arratsaldeko 19:00etan.

Bertsolaritzaren arlo askorekin izan du lotura Rufino Iraolak: bertsoak idatzi ditu, horiekin hainbat sariirabazita; bertsolaritzari eta bertsolariei buruzko artikulu ugari idatzi ditu, eta epaimahaikide lanetan ere aritu izan da. Ikus hemen bertsolaritzaren inguruan egindako hainbat lan.

Jaiotetxetik, Olegi baserritik, zetozkion afizioa eta bertsoarekiko hurbiltasuna Rufino Iraolari: aita bertsotan ibiltzen zen herriko taberna eta elkarteetan, eta amak gogoko zuen bertso zaharrak kantatzea. Zazpi anai-arrebako familian, plazako bertsolaria Patxi Iraola izan zen, iragan apirilean 83 urterekin hila. Rufinok nahiago zuen bertsoak idatzi, bertsoak aztertu, bertsoei eta bertsolariei buruz idatzi. Eta beste hainbat gairi buruz ere bai.

Azken artikulua

Izan ere, aurreneko ikasketak herriko eskolan egin ondoren, bere garaiko hainbat mutiko bezala Arantzazun ibili zen, eta Beasaingo Lasallen ere bai. Gazterik hasi zen lanean, baina ikasteko grina ez zitzaion sekula itzali. Hainbat fabrikatan -Zumarragako Esteban Orbegozon; CAFen; herriko altzari fabrika batean...- aritu zen lanean, ajustadore aurrena, ofizinetan ondoren, baina beste bide batzuk jorratu nahi zituen berak.

Gizonezko heldu eta ezkondua zen, seme zaharrena ere jaioa zuten ordurako, Bergarako UNEDen aurrena eta azkenik Donostiako Magisteritza Eskolan Irakasle titulua atera zuenean, Euskal Filologia espezialitatean. Zarauzko eta Lasarte-Oriako udal euskaltegietan aritu zen irakasle, azken horretako zuzendaria zela erretiroa hartu zuen arte.

Behatzaile zorrotza eta idazle fina izanik, literaturgintzan ez ezik kazetaritzan ere garatu zituen dohain horiek. Bazituen urte batzuk literaturan murgildu zenerako. 1994an hasi zuen ibilbide literarioa, 'Dena dago zatitxo baten baitan' ipuinarekin. Beste bi narrazio ere argitaratu zituen, 'Zaldiarangoak' (2000, Hiria) eta 'Hire magalean. 103. gelako gutunak' (2001, Alberdania).

Bertsolaritzaren inguruko liburuei dagokienez, 'Artxanberriren ziriak, Patxi Errotaren ugaritasuna, Jainkoaren ateraldiak' argitaratu zuen 1999an, Sendoa argitaletxearen eskutik. Argitaletxe horrekintxe kaleratu zuen 2003an, Auspoa bilduman, oroitzapen eta kronika liburutzat ere jo daitekeen 'Ñañarriri begira' . Bere blogak zehatz-mehatz ematen du Rufino Iraola kezkatzen zuten gaien zabaltasunaren neurria.

Hainbat hedabidetan argitaratu ditu bere artikuluak, bai bertsolaritzari buruzkoak, baita iritzizkoaz ere, baina loturarik luzeena eta oparoena EL DIARIO VASCOrekin izan du, urtetan irakurleekin asteroko hitzordu bilakatu duen 'Bai Horixe' atalaren bitartez, baita Zaldibiko berri-emaile gisa ere.

Temas

Euskera