Resurrección Maria Azkue Literatura sariak banatu dituzte
Aurten ere, Oiartzungo Haurtzaro ikastola izan da lanik gehien aurkeztu duen ikastetxea, eta sari berezia jaso du horregatik
J. A.
Viernes, 13 de junio 2025, 14:31
Jon Maestre Gelado eta Kattin Madariaga Apaolaza narrazioan eta Aner Elizondo Fanegas eta Naroa Asensio Gaston poesian nagusitu dira, hurrenez hurren, Euskaltzaindiak antolaturiko Resurrección Maria Azkue Literatura sarien bi kategorietan, 10etik 13 urtera eta 14tik 17rakoan. Bestetik, aurten ere, Oiartzungo Haurtzaro ikastola izan da lanik gehien aurkeztu duen ikastetxea, eta sari berezia jaso du horregatik.
Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak. Hauexek izan dira aurtengo epaimahaikideak: Igone Etxebarria, Jabier Kaltzakorta eta Manu López Gaseni A mailan; Castillo Suárez, Patxi Zubizarreta eta Garbiñe Ubeda B mailan.
Miren Agur Meabek irabazleak zoriondu ditu agerpenaren hastapenean, eta esan du geroko euskal idazleen harrobi emankorra dela sariketa. Horrez gain, eskerrak eman dizkie lanak zuzentzen eta bideratzen ahalegintzen diren irakasleei, eta, bide batez, idazleen senideei, eskolan zein etxean lantzen duten irakurtzeko eta idazteko zaletasunagatik. Koldo Bilbaok sariketan gertatu den partaidetzaren igoera aipatu du bere berbaldian, eta adierazi du BBK-k euskara eta euskal kultura sustatzen jarraituko duela etorkizunean ere.
Resurrección María Azkue sariaren lehen aroa 1975etik 1990erakoa izan zen, Bilbao Aurrezki Kutxak antolatua, eleberri, olerki eta saio modalitateetan eta helduei bideratua. Ostean, 1991tik gaurdaino, gazteei bideratu da eta egun ezagunak diren idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dute saria. Besteak beste, Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxeak.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.