Quebeceko kultur eragileak Donostian izango dira uztailean

Quebeceko kultur eragileak Donostian izango dira uztailean
Javier Etxezarreta

Uztailaren 2tik 5era bitartean, Euskadiko hiriburuak bisitatuko dituzte 12 eragile kulturalek

DVDonostia

Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) elkartrukerako topaketa profesional bat gauzatzera etorriko dira Quebeceko eragile kulturalak. Uztailaren 2tik 5era bitartean, Euskadiko hiriburuak bisitatuko dituzte. Kultur sektoreka banatutako bilerak egingo dituzte, eta baita hainbat jarduera profesionalak ere.

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, uztailaren 3an Gasteizen egongo dira quebectar ordezkariak, 4an Donostian, eta 5ean Bilbon. Guztira, 12 eragile kultural izango dira bisitan, Quebeceko Arte eta Letren Kontseiluko, Enpresa Kulturalen Sustapenerako Erakundeko, Nazioarteko Harremanetarako eta Frankofoniako Ministeritzako eta Bartzelonako Quebectar Delegazioko ordezkariekin batera.

Bisitaldian, kultur sektoreka banatutako bilerak eta jarduera profesionalak egingo dituzte hainbat euskal eragilerekin hiru hiriburuetan, Quebec eta Euskal Herriaren arteko elkartruke kulturala bultzatze aldera. Horrez gain, aisialdirako tartea ere izango dute, bisita gidatuak egingo baitituzte inguruko gune kulturalik garrantzitsuenetara. Une oro, ordezkaritza quebectarra Etxepare Euskal Institutuko kideek lagundua izango da.

Laster zehaztuko da quebectar eragile kulturalekin elkartrukea egingo duten euskal eragileak zeintzuk diren. Oraingoz, kultur sektore ezberdinetako 60tik gora euskal eragilek erakutsi dute interesa topaketa profesionalean parte hartzeko.

Temas

Euskera