«Posible da gizakia gizakiago izateko inguru bat sortzea»

Jorge Giménez Bech eta Maite Darceles, 'Bihotzean daramagun mundua' liburuaren aurkezpeneko egunean./
Jorge Giménez Bech eta Maite Darceles, 'Bihotzean daramagun mundua' liburuaren aurkezpeneko egunean.

25 urte bete eta «etorkizunari begira» jarri den Alberdania argitaletxeak 'Bihotzean daramagun mundua' argitaratu du, Maite Darceles hondarribiarraren lehen eleberria

NEREA AZURMENDI

Inazio Mujika Iraolak eta Jorge Giménez Bechek 1993an sortu zuten Alberdania argitaletxea hor egon da beti, martxa betean batzuetan, motelago bestetzuetan. Geldialdi moduko baten ondoren, «hiru liburuz osatutako lehen labealdiaren» 25. urteurrena betetzearekin batera, berraktibatu egin da eta, Giménez Bechen ardurapean oraingoan, «etorkizunari begira» jarri, «700dik gora liburuz osatutako katalogoan» eta asmo berri ugaritan oinarrituta. Sortu eta urtebetera argitaratu zuten Lertxundiren 'Otto Pette'-ren inguruko asmo ederren bat bada tartean.

«Hemen gaude berriz ere» esan zuen Jorge Giménez Bechek joan den ostegunean, ekainak 14, proiektu berri horietakoa den 'Bihotzean daramagun mundua' eleberriaren aurkezpenean. Argitaletxeak bezalaxe, begirada etorkizunean jarri duen liburua Maite Darcelesen lehen literatur lana da. «Opari bat», editorearen hitzetan.

Darceles (Hondarribia, 1971), ezaguna da literaturarekin zerikusi handirik ez daukan bere eremu profesionalean, baina literatura orain heldu da estreinakoz. Neurri batean, ezustekoan. Izan ere, intentzio literariorik gabe lantzen hasi zen gai batentzat biderik egokiena fikzioa izan zitekeela ikusi izanaren ondorioz, eleberri bilakatu zen hasiera batean saiakera izan behar zuen lana. Genero horretakoa da aholkularitza-enpresa bateko aholkulari eta bazkide den Maite Darcelesek aurreko liburua, 'Eraldeketarako gidalerroak' izenburua duena.

Itxaropenezko mezua

Literaturgintzan eskarmenturik ez badu ere, «lan ausarta, sendoa eta landua» ekarri du Maite Darcelesek, Jorge Giménez Bech editorearen hitzetan. «Edozeinek esango luke ofizio gehiago duen idazle baten» lana dela, gehitu zuen aurkezpenean, egilearen «idazkera fin eta dotorea» nabarmenduz. «Heldu jaio den idazle berri bat» da, hortaz, Darceles.

Berak, familiarteko eta lagunak inguruan zituela, hunkituta aurkeztu zuen «hirugarren semea». Literaturaren bidean egin duen aurreneko urratsa XXI. mendearen bigarren erdialdean kokatu badu ere, gaur-gaurko galderak proposatu ditu: «Nolakoa izango da eraikitzen ari garen mundua? Nola epaituko gaitu mundu horrek?».

Eraikitzen ari garen mundua nola dabilen ikusita, ulergarria da joera ezkor edo, gutxienez, etsipenezkoak nagusitzea. Maite Darcelesek, ordea, itxaropenezko mezua zabaldu nahi du, uste duelako oraindik posible dela «bihotzean daramagun» mundu hori eraikitzea. «Ez goaz bide onetik, baina posible da gizakia gizakiago izateko inguru bat sortzea», esan zuen.

Gaur egun hartzen ari garen erabakien ondorio izango da eleberriko protagonista nagusiak, Loreak, inguruan duen mundua. Idazleak irudikatu duenaren arabera, ez da mundu gozoa izango. Globala bai, ordea, pertsonaia nagusiaren izenak istorioa Euskal Herrira hurbildu arren ez baitago, aipamenen bat izan ezik, aparteko bertakotasunik.

Idazleak sortu duen munduak, zentzu askotan, hainbat distopia ezagunen ezaugarriak ditu, hitzak berezkoak dituen konnotazio ezkorrak barne. Irakurleak mundu asmatu horretan errazago mugitzeko, glosario lagungarri bat bat ere gehitu dio liburuari.

«Saiatu egin behar dugu»

Mundua, eta harekin Lorea eta gainerako biztanle gehienak, zorion perfektu artifizial moduko baterako bidean da. Gizakiak ez du zertan kezkatu. 'Sistema' arduratzen da. Ahanztura ezagutza baino nahiago duen sistema horretan, baina, giza harremanen eta maitasunaren bizipen mugatua da soilik posible. Ez da sistema erosoa gehiago nahi duenarentzat...

Baina baditu pitzadurak, eta horietako bat baliatuko du Loreak beste era batera bizitzea posible dela ikusi eta gauzak aldatzen saiatzeko. «Liburuko protagonistak kontzientzia hartzen du eta aktibatu egiten da. Justizia-zentzua sortuko zaio, eta sistemak espero duenaren kontra jarduten hasiko da, sistemak eskaintzen dion zoriontasunak ez duelako asebetetzen», azaldu zuen Darcelesek aurkezpenean.

Emakume misteriotsu batekin topo egiteak garrantzi handia izango du aldaketa horretan. Hark erakusten dio hain zuzen zein garrantzitsuak diren sistemak arbuiatzen dituen «ezagutza, kemena eta inteligentzia». Iraganaren berri ematen dizkioten zenbait material ezagutu izanak ere laguntzen dio ulertzen beste bide bat posible dela. Liburua «plano desberdinetan irakurtzea» posible bada ere, mezu bat nagusitzen da Maite Darcelesen aurreneko eleberrian: «Bestelako mundu bat sortzea posible da. Saiatu egin behar dugu».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos