Poesiaren hiriburu

Karlos Linazasoro apirilaren 12an izango da Koldo Mitxelenan/Luis Michelena
Karlos Linazasoro apirilaren 12an izango da Koldo Mitxelenan / Luis Michelena

Hasi da Poetika zikloa Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean; Bilbon ere eskaintzen du zeregina Loraldia festibalak

DVDonostia

Hasi da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Poetika poesia-errezitaldi sorta. Otsailetik ekainera doan egitaraua prestatu dute; errezitaldiak egingo dituzte hilero Areto Nagusian, euskaraz zein gaztelaniaz, bertako eta kanpoko poeten eskutik. Bilbon ere ari dira Loraldia festibala egiten. Martxoaren 21ean izango da Poesiaren Nazioarteko Eguna.

Halaber, apirilaren 7ra arte egingo dute aurtengo Loraldia festibala. 'Sentikariz blai!' lelopean, euskal sortzaile eta sorkuntza nabarmentzen, publiko berrietara heltzen eta memorian sakontzen ahaleginduko dira, «iturri zaharren erreferenteetatik abiatu, eta proposamen berritzaileak plazaratzeko».

Guztira, ia 200 artistek parte hartuko dute jaialdian. Tartean, asteazkenean, martxoak 20, Txakur Gorria kolektiboak 'H-Artzetik: poesia musuzapietan' ikuskizuna egingo du, poetaren omenez; Munduko Poesia Kaierak egitasmoa 30. zenbakira iritsi dela ere ospatuko dute 'Munduko poesia kaia' ikuskizunarekin; eta omenaldi berezia egingo diote Verdes Liburudendari, 1973. urtean, «garai latz eta ilunetan, ate bat zabaldu ziolako euskal kulturari».

Musika eta analisia

Koldo Mitxelenako zikloan, poeta gonbidatuek bere olerkien irakurraldi librea egingo dute, eta aditu batek poetaren aurkezpena egingo du gero, haren poesia lanaren nondik norakoetara hurbilketa kritikoa eginez. Gainera, Musikeneko ikasleek errezitaldiak musikatuko dituzte. Guztira bost emanaldi antolatu dira. Hurrengoa, apirilaren 12an, Karlos Linazasorok egingo du, eta Aritz Gorrotxategik aztertuko du bere obra. Jon Goirik musikatuko du saioa bere violoncelloarekin.

Maiatzaren 24an, ostirala, Castillo Suarez izango da poeta gonbidatua. Idazle nafarraren lanaren berri Garazi Kamiok emango du, eta aurkezpen lanak, José Luis Padrónek egingo ditu. Miguel Ayerrak bere klarinetea eramango du.

Azkenik, ekainaren 6an, Leticia Bergé madrildarraren irakurketaren ondoren, Jon Obesok arakatuko du bere obra, eta María Rodríguezek (biolontxeloa) musikatuko.

Temas

Euskera