Poesia eta Pentsamendua jardunaldia ekainaren 9an izango da Donostian
18. edizioak Chus Pato, Sara Uribe-Etxeberria, Iker Aranberri Sarasua, Nadia Fabo eta Oihane Jaka poetak izango ditu protagonista
Chus Pato, Sara Uribe-Etxeberria, Iker Aranberri Sarasua, Nadia Fabo eta Oihane Jaka poetak protagonista dituela, Poesia eta Pentsamendua programaren 18. edizioa datorren ekainaren 9an, astelehena, izango da Victoria Eugenia Cluben. Ohi bezala, gonbidapenak egunean bertan ahal izango dira jaso webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan, goizeko 11:30etik aurrera. Gehienez, 2 gonbidapen pertsona bakoitzeko. Musikaz lagundutako poesia errezital eleaniztunak Jon Makuso biolinistaren laguntza izango du.
Ekitaldiak ibilbide luzeko poetak eta literaturaren alor honetan bidea egiten hasi direnak batuko ditu. Batetik, María Xesús Pato Díaz (Orense, 1955) idazlea, 2024ko Poesia Sari Nazionala jaso zuena 'Sonora' lanagatik. Ez da aipamen bakarra, 2008ko Kritikaren Saria jaso zuen-eta 'Hordas de escritura' lanarengatik. Bestetik, Iker Aranberri Sarasua (Eibar, 1978) -belaunaldiz ez, baina idazle bezala lehen liburua duelako- eta Sara Uribe-Etxeberria (Zumaia, 2005). Eibartarrak Xabier Lete VII. Poesia Saria lortu du 'Baden verboten' (2025) lanarekin eta zumaiarrak berriki aurkeztuko du VIII. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren saria eskuratu duen 'Kuntzak eta kerak' lana. Aurrez ere 2022an eta 2023an Urruzuno literatur lehiaketan saritu zuten poesia kategorian, baina lehen liburua du. Azkenik, Oihane Jakak (Donostia, 1985). Donostiarrak XII. Karmele Igartua Sorkuntza Bekaren laguntzaz argitaratu zuen 2024an estreinako lana, 'Itsaso amniotikoa'.
Bi idazle-talde hauen artean 'zubi-lana egingo dute Nadia Fabok (Donostia, 1975). Filologo hispanikoa eta gizarte-hezitzailea, gaur egun irabazi-asmorik gabeko erakunde bateko fundatzaile-zuzendaria da eta poesia idazten du «pentsatzen, sentitzen eta irudikatzen duena dantzarazteko». Hala kaleratu ditu 'Un antílope en la garganta' (2019), María Luisa García Sierra XI. Poesia Lehiaketako lehen saria; 'Tina Turner en la cola del híper' (2020); 'Tenderete' (2021); 'Hija' (2022), Majadahondako Blas de Otero XXXII. Poesia Saria; eta 'Pitx' (2024), 'Ciudad de Pamplona' Nazioarteko XVIII. Poesia Saria jaso zuena. Bere azken lanak, 'Consejos de economía doméstica para extremófilos' (2024), Poesia Marpoetikoaren Nazioarteko II. Saria eskuratu zuen.
2008. urtean, eta Donostia Kulturaren laguntzarekin, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategik hasiera eman zioten denbora tarte honetan poeta ugari gonbidatu dituen egitasmo honi. Aurtengo ekitaldiko irudia Imanol Larrinaga margolari durangarrarena da.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.