Pirinioetako emakumeen kartografia berria Igartubeitira bueltatuko da

Nathalia Heim artista /Galilea
Nathalia Heim artista / Galilea

18 emakumeren lurraldearekiko bizipenak jaso ditu Ezkion; Madrilen jarraituko du abuztuan bere proiektua garatzen, irailean museora itzuliko da, eta protagonisten parte hartzearekin sortuko du instalazio artistikoa

DVDonostia

Nathalia Heim artista bisualak 18 emakumeren lurraldearekiko bizipenak jaso ditu Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoan, Patrim+ mugaz gaindiko erresidentziaren barne. Madrilen jarraituko du abuztuan bere proiektua garatzen, irailean Igartubeiti Museora itzuliko da, protagonisten parte hartzearekin sortuko duen instalazioa burutzeko.

Elkarrizketa pertsonaletatik abiatuta, Heimek emakumeek beraien historiarekiko eta inguruarekiko ezartzen dituzten emozio zein loturen argazki erretratu itxurako itzulpen poetikoa egin du.

Jarduera hau Patrim+ mugaz gaindiko lankidetza programaren barne txertatzen den proiektuaren parte da eta aldi berean EGEF-ek, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatzen du. Bere bazkideak Frantziako, Ariège eta Haute-Garonneko, Euskadiko, Aragoiko eta Kataluniako landa eta mendi inguruneetan kokatuak daude. Beraien helburua da etengabe aldatzen ari den ondare natural eta kulturala balioan jartzea.

Lurraldearekiko eta generoaren ikuspegiarekiko loturaren elementu amankomunetik abiatuz, artistak modu sinbolikoan berrinterpretazio anitzak ahalbideratzen dituzten pertsona bakoitzaren historiaren berezitasuna azpimarratzen du, Pirinioetako emakumeen kartografia berriaren parte izatera helduz.

Prozesu artistikoa, uda honetan, Pirinioaren bi aldeetako hiru interpretazio zentroetan eta museoetan burutuko du: Le Château de Seix–Centre d'Interprétation du Patrimoine du Couserans (Ariège, Frantzia), Espacio Pirineos–Centro de Creación y Cultura del Pirineo Graus-en (Huesca) eta Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoan.

Helburuetako bat da arte- eta ondare-arloen arteko bidegurutze-espazioak sustatzea, kultura garaikidean kokatutako diskurtso berriak sortuz eta paisaia eraldatzearen, hiri-landa binomioaren edo ingurumen- eta ekonomia-krisiaren inguruko egungo eztabaidetan oinarrituz.

Temas

Euskera