Ane Pikazaren ilustrazio bat izango da Zinegoak jaialdiaren irudi nagusia

Jaialdiko lan taldea kartela aurkezten/
Jaialdiko lan taldea kartela aurkezten

Zinema jaialdiak bi asteko iraupenaren formatua errepikatuko du, otsailaren 19tik martxoaren 4ra arte. Gainera, jaialdia hasi baino lehen zein amaitu eta gero, proiekzio bereziak eta topaketak egingo dira

DV

Kartela aukeratu dute Zinegoak jaialdiaren aurtengo ediziorako. Ane Pikaza artistaren ilustrazio bat izango da Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiaren 15. edizioko irudi nagusia. Kartelean maitasun lesbikoa eta estereotiporik gabeko gorputzak aldarrikatzen dira, jaialdiaren arduradunek eta artistak berak aurkezpenean azaldu dutenez.

Hilabete bi baino gutxiago falta da Zinegoak jaialdiaren 15. ediziorako, eta astearte honetan aurtengo kartela aurkeztu du. Jaialdia otsailaren 19tik martxoaren 4ra arte egingo da. Ane Pikaza euskal artista da egilea, eta bertan, emakume igerilari bi agertzen dira elkarri musukatzen, uraren azpian. Irudi samurra da, "eztia eta naif samarra", baina atzean mezu sakona gordetzen du: Zinegoak jaialdiak aurten emakumeen arteko maitasunari eta gorputzen aniztasunari ikusgarritasuna emango dio.

Pau Guillen Zinegoak-eko zuzendariak azaldu duenez, aurtengo kartelak gorputzen estereotipoen inposaketaz hitz egin nahi du. Irudi horren bidez, pertsona guztiek beren gorputzaz harro egoteko eskubidea dutela aldarrikatzen da. "Genero adierazpen eta nortasunetik harago, desira ere oso anitza izan daitekeela nabarmendu nahi izan dugu", esan du.

Kartelaren egilea Ane Pikaza (Bilbo, 1984) ilustratzaile eta aktorea izan da. Pikaza Arte Ederretan lizentziaduna eta Arte Eszenikoetan diplomatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta Kabia, Xake edo Hika antzerki taldeetan eta telebista eta zinema produkziotan parte hartu du.

Ilustratzaile lanetan, antzerki talde batzuen kartelak egin ditu (Marie de Jongh), eta Kabia taldeko 'Alicia después de Alicia' antzerki-komikiaren eszenak sortu ditu. Vetusta Morla taldearekin ere lan egin du, 'Los rios de Alice' bideojokoaren irudiak sortuz, Madrilgo taldearen soinuarekin. Bizkaiko Aldundiarekin indarkeria matxistaren kontrako azken kanpainan parte hartu du bere ilustrazio batekin, azaroaren 25aren baitan.

Kartela Zinegoak-en aurreko edizio batean ikusitako dokumental batean oinarritzen da, 'Aquaporko!' izenekoa. Film laburrak benetako igeriketa talde baten istorioa kontatzen du, emakumez osatutakoa, eta beren gorputzen aniztasuna aldarrikatzen du.

Atzera kontua

Zinegoak jaialdiaren taldea "jo eta su" ari da lanean 15. edizio hau prestatzen. Jaialdiak bi asteko iraupenaren formatua errepikatuko du bigarren urtez, otsailaren 19tik martxoaren 4ra arte. Otsailaren 19tik 25era arte, Golem, Bilborock eta BilbaoArten egingo dira proiekzioak. Bigarren astean, pelikulen bigarren emanaldiak (Bilborocken) eta bestelako jarduerak egongo dira.

Gainera, jaialdia "ofizialki" hasi baino lehen, programazioa '3, 2, 1... Zinegoak' egitasmoaren baitan hasiko da. Jarduera hauek beste elkarte batzuekin batera elkarlanean antolatzen dira, otsailaren 14tik 18ra arte, doan, eta denetarik egongo da: proiekzio bereziak, topaketak eta, aurten, kontzertu berezi bat.

Bilbon jaialdia amaitu ostean, Zinegoak herriz herri ibiliko da 'Zinegoak Hedapena' zikloarekin. Iaz proiekzioak antolatu ziren 30 herritan, eta aurten 35 baino gehiago izatea da erronka. "Beraz, kontuan hartuta otsailean eta martxoan antolatuko diren jarduera guztiak, Zinegoak Euskal Herriko kultur ekitaldi luzeenetako bat bihurtu da", adierazi dute antolatzaileek.

Jaialdiko egoitza nagusiak, beste urte batez, Bilborock, BilbaoArte, Golem, BBK Aretoa eta Guggenheim museoko auditoriuma izango dira, besteak beste. Horrez gain, Zinegoak-ek hainbat ezaugarri berri izango ditu, eta publikoak zinema ona, arte eszenikoak eta ikuskizun anitzak izango ditu eskura.

Zinegoak jaialdia, beraz, eraberrituta helduko da bere 15. ediziora. Lehenengo aldiz, Zinegoak Elkartea izango da jaialdia antolatuko duena, Hegoak Elkartea atzean utziz. Elkarteak egoitza berria estreinatuko du, Bilboko Cortes kaleko 1 zenbakian. Egitaraua datozen asteetan jakinaraziko da.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos