Patziku Perurenak Leitza aldeko bordarien sorrera aztertu du bere liburu berrian

Leitzako Indianoborda/
Leitzako Indianoborda

Leitzan, bordarik zaharrena 1614 aldekoa da: Franki, Manuel Lasarte bertsolari handia jaio zenekoa. Eta 1726ko erroldan 69 bordari ageri dira, nor bere bordan bizi dena familian

DVDonostia

Patziku Perurenak beste liburu bat plazaratu du kuttuna duen arlokoa, mikrohistoria hurbilaren eremukoa: 'Bordarien sorrera eta bilakaera Leitzan eta Areson (1427-1925)'. Berak 'borda' eta 'bordari' hitz zaharrak hobesten ditu, eta desegokitzat jotzen 'baserri' eta 'baserritar'.

Lan honetan aipatzen diren dokumentu gehienetan 'bordero' hitza ageri da. Bestalde, Basaburua alde horretan, jendeak 'bordari' esan izan du, 'baserritar' ordez. Beraz, adineko jendearentzat, 'borda' pertsonen bizileku izan da beti, eta ederki bereizi izan dira alde batetik jendea bizi den 'borda' eta aziendarentzako 'ardibordak' edo 'arrukabordak'. Alderdi hartako aurreneko bordariak 1630 aldera sortuak direla dio Patziku Perurenak. Ordu arte, jendea herrietako etxeetan bizi zen, baina probretze baten ondorioz, eta demografi hazkunde baten ondoren, mendi aldeko lurrak lantzen hasi zen, eta bertan etxeak eraikitzen.

«Hirietako eta herrietako jauntxorik aberatsenak hasi omen ziren aurrena herrilurrak lantzen, lan eta ogi gabeko jenderik pobreenak morroi hartuz, edo euskarazko izenak ederki jaso duen bezala 'nekazale' edo 'nekazari' bihurtuz», dio Perurenak liburuaren sarreran. Bordarien ugaltzea, neurri batean, artoari esker gertatu zen. Urte gutxitan errotu zen artoa Euskal Herriko nekazaritzan, eta ordu arte sarobe, larre, baso eta iraleku edo garo-sail asko artalurretarako egokitu ziren.

Gipuzkoan eta Nafarroako Basaburuan oso bestela gertatu ziren gauzak. Gipuzkoan, kasik herriko etxeekin bateratsu sortuak dira borda edo etxalde diseminatu gehienak, eta herriko beste etxeen eskubide guztiak zituzten. Leitza-Areso-Goizueta alde horretan, askoz beranduago sortu ziren bordak, 1630-1730 urte bitartean, eta saletxe modura sortu ere, erabat sortetxearen menpeko.

Perurenari atera zaion konturik zaharrena Leitzakoa da, Franki bordari buruzkoa, hain zuzen ere. Manuel Lasarte bertsolari handia sortu zen etxea gutxienez 1614rako egina zela erakusten du agiri horrek. Leitzako 1726ko etxe erroldan 69 bordari ageri dira, eta gezurra badirudi ere, lau ardiborda besterik ez.

Hurrengo bordarik zaharrena Goizuetakoa da, Benaiborda izenekoa, 1626an egina. Eta hurrengo zaharrena, Leitzako Erasote auzoko Ozparrun, agiri zaharrean 'Auzparrenchipi' izenaz azaltzen dena.

Perurenak dioenez, harritzekoa da Aresoko kasua: 1786ko erroldan, Areson ez da ageri jendea bizi deneko borda bat bakarrik ere, nahiz Leitzan 101 bordatan jendea bizi. Ikerlari honek aurkitu duen Aresoko aurreneko bordarien zerrenda 1807koa da.

Hau hamabigarren liburua du Patziku Perurenak. Iazko urtean 'Leitzalarreko unaiak (1683-1771)' izeneko liburua plazaratu zuen, eta 2017an 'Goizuetako dokumentu zaharrak (1324-1918)'.

Temas

Euskera