Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
'Paris, Texas' 1984ko filmeko fotograma.
Paris,Texas; Calahorra, Marte

Paris,Texas; Calahorra, Marte

HARIARI TIRAKA ·

Texasen bada Paris izeneko hiri bat. Eta Legazpi Port bat Filipinetan. Eta Calahorra izeneko kraterra Marten. Bada halaber Amsterdam martzianoa.

Begoña del Teso

San Sebastián

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Domingo, 28 de febrero 2021, 13:01

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Zinema, musika, literaturaren kritikariok fama txarreko jendaia gara. Mila istorio ilun kontatzen dira gure kontura. Pelikula ikusi gabe, kontzertua entzun barik eta liburua irakurri pe, pelikulaz, liburuaz eta musikaz egiten dugula berba eta sasi-literatura esan ohi da, askotan arrazoi osoz.

Ezaguna da, oso, Heine poeta handia, Goetheren parekoa, beti ibili zela larri diruz, eta periodikutan musika kritikak egiteari ekin ziola sosa batzuk eskuratu nahian. Baina ez zuen txanpon bat ere ez kontzertuetarako sarrerak ordaintzeko. Beraz, sikiera galeriako aulki gogor baterako zentimoak zituzten lagunekin fidatu behar zen entzun ez zituen kontzertuen kritika egiteko. Eta, egiari zor, sarri asmatzen zuen. Eta ondo idatzitakoak ziren beti bere izkribuak. Halere, hanka-sartze ugari egin zituen Heine handiak. Bere poemak musikatu izan zituen Liszt-i berari, Parisen egin beharreko kontzertu baten kritika bidali zion, bere onespenaren esperoan. Kontzertua izan baino lehen, hori bai. Musikariak suak eta urak hartuta erantzun zion…. Mendeku gosez geratu zen poeta. Eta kontzertua egin zenean, zera idatzi zuen, lagun batekin fidatuz… Agertokian ziren arrosek sorgindu zuten ikusleria; Hungariako piano- jotzailearen musikak, berriz, ez.

Goi mailako beste konpositore batekin harreman finetan izan asmotan, izugarrizko kritika ona argitaratu zuen hurrengoan. Meyerbeer-en 'Les Hugenots' operaz ari gara gu eta aritu zen Heinrich handia. Frantziako musikaren ikurra zen autore bera harritu zuen estreinu eguneko kronika hark eta honela mintzatu zitzaion poetari: «Inork ez du ikusi nire lanean zuk ikusi duzuna, inork entzun ez zuk entzundako hori…»

Kritikarioen inguruko beste ipuintxo xelebrea Win Wendersen 'Paris, Texas' izenburuko pelikulari dagokio. Eta, Heineren kasuan bezala, benetakoa da. Canneseko zinemaldian estreinatu zela, kazetari andanak, ikusi gabe (are okerrago eta arriskutsuagoa, ekoiztetxearen prensa oharrak irakurri pe), idatzi zuen kronika, bertan esateko filmak Parisen hasi eta Texasen bukatzen zen barruko eta kanpoko bidaia kontatzen zuela. Ez zuten jakin, ez zuten ezta irudikatu ere egin, Texas estatuan badela Paris izeneko hiri bat eta bertan Ry Cooderren gitarrak zipriztindutako lugorri bat, protagonistaren oroipenak argi-iluntzen dituena…

Bai, Texasen bada Paris izeneko hiri bat. Eta Legazpi Port bat Filipinetan. Barry Gifforden nobela inspirazio harturik, Alex de la Iglesiak eta David Truebak Perdita Durango neska basaren erretratua pantailaratu zutenerako, jakin, ederki genekien protagonistaren izena ez zetorrela hain zuzen ere Liburu Azokaren erresumatik. Mexikon bada izen bereko herria. Baita Estatu Batuetan ere…

Sebastian izan daiteke bakarra zeruan baina ez lur honetan: Rio de Janeirokoa, Gomerakoa, Hondurasekoa…

Joan den mendean Baccara taldeko bi neskek 'The Devil Sent You To Laredo' abesten zutenean pentsatzen genuen guk Demonioa Kantabria aldean zebilela, frogatu ziguten gero Laredo bat dagoela… Texasen ere.

Marteko kraterrak

Hori guztia jakinda, 'Perseverance' esploratzailea Marteratu orduko, ez ginen inolaz ere harritu leitzerakoan Rimfax eta Pixl izeneko tresnak Calahorra kraterrean ibiliko direla laginak hartzen eta arroken eta lurraren osagai kimikoak identifikatzen. Bai, Calahorran, baina ez Errioxakoan, agian inoiz gure bizilekua bilakatuko den planetako Calahorra berrian baizik.

1997an deskubritu zuen krater hori Jim Rife zientzialari estatubatuarrak, eta Errioxatik Ameriketara joandako birraitona-amonen omenez haien herriaren izenaz bataiatu zuen.

Hamaika, ziento, mila krater ditu Martek. Ez legoke gaizki beren izen batzuk ikasten hasiko bagina badirudi eta, esandakoa: berandu baino lehen edo lehen baino berandu bertan egingo dugula bizimodua.

Bada, esateko, Bosniako Jezero herrixkaren ordezkoa. Eta badira Japoniako Akirena. Errusiako Aktajena. Bada Amsterdam martzianoa. Eta Balvar bigarren bat, lehenbizikoa Eskoziakoa izanik. Puerto Deseado martetarra Argentinakoaren ispilu da.

Hartuko al du Pessoaren arimak izan berria Lisboa izeneko kraterrean?

Hasi beharko dugu, bai, erabakitzen zein kratrerren ondoan bizi nahi dugun. Bitartean, bada ezpada ere, inoiz norbaitek esaten badizu Linputik datorrela, galdetu Txinako hiriaz ari den edota Martekoaz. Badaezpada ere.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios